Donostiako Atano III.ean jokatuko dute pilota ligaxkako lehen partida, Bengoetxea VI.a-Aretxabaletaren aurka
Jon Ander Albisu pilotari ataundarrak Iñaki Artola alegiarrarekin osatuko du Binakako Pilota Txapelketa Nagusiko bikotea. Gaur hasiko da lehiaketa, eta Albisu-Artola arduratuko dira estreinaldiaz. Donostiako Atano III.ean jokatuko dute, Bengoetxea VI.a-Aretxabaletaren aurka. ETB1ek zuzenean emango du jaialdia, 22:00etan hasita.
Artola debutaria da txapelketa nagusian. Albisu, bere aldetik, binakako finalera iritsi zen duela bi urteko txapelketan, baina Berasaluzeren lesioagatik ezin izan zuten partida amaitu. Ligaxkan zortzi bikotek parte hartuko dute, Aspe eta Asegarce enpresetakoak (bat mistoa da). Hamalau jardunaldi izango ditu lehen fase luzeak. Final handia, apirilaren 26an jokatuko dute.
Jaialdian, lehenengo erakustaldi partida jokatuko dute. Aritz Lasa urretxuarrak Urruzolarekin osatutako bikoteak, Jaka-Tolosa izango du aurkari.

Jon Ander Albisu pilotari ataundarrak irekiko du, gaur, Binakako Txapelketaren lehiaketa, Iñaki Artola lagun duela./Aspepelota