
Jakina da Gabon garaian kontsumoa igo egiten dela: opariak, bazkariak… Bada, erosketa horiek herrietako denda txikietan egiteko sentsibilizazio kanpaina martxan jarri dute Dendarteanek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gipuzkoako merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta autonomo elkarteen bilkura da Dendartean, eta bertako kide dira Goierriko hainbat merkatari elkarte: Ordizian, Bareak, Bitartean, Ilinti eta Lazkaon. Goierriko merkatari txikiek ere bat egin dute, hortaz, kanpainarekin.
Ez zaitez laranja erdiarekin konformatu leloarekin abiatu dute kanpaina, eta bi laranja erdi ikus daitezke Gipuzkoako autobus geltoki, erakusleiho eta beste hainbat txokotan jarri dituzten karteletan. «Gure garuna irudikatzen du laranja horrek: erosteko orduan erabiltzen dugun alde emozionala eta arrazionala», azaldu du Gorka Goikoetxea Goierriko Merkatal Dinamizazio Bulegoko arduradunak.
Herrian erostea, merkeago
Kanpaina honekin, hortaz, buruarekin eta bihotzarekin erosteko deia egiten dute. «Gure herrietako dendetan erosten badugu, aberastasuna bertan geratzen da; hori da alde emozionala». Bestetik, alde arrazionalari begiratuta, komertzio txikietan erostea merkeagoa dela baieztatu du Goikoetxeak. «Ikerketa bat egin dugu, eta ikusi dugu kanpoaldeko hipermerkatu batera joateko behar dugun denbora eta erregaia kontuan hartuta, garestiago ateratzen dela erosketa».
Goikoetxearen esanetan, aldatzen ari dira erosketa ohiturak. Duela urte batzuk hipermerkatuek arrakasta handia lortu bazuten ere, jendea komertzio txikietan erosten hasi da berriro. Batetik, jendea denda txikietan erostearen onurez kontzienteagoa dela uste du Goikoetxeak. Bestetik, egoera ekonomikoak ere eragin du: dagoeneko ez dira hilabeteko erosketa handiak egiten, egunean egunekoak baizik.
Dendartean eta Aldundiaren kanpainak indartu egin nahi du joera hori. Goierriko merkatari elkarte bakoitzak martxan jarri dituen kanpainen osagarria izango da, eta kartelak jartzeaz gain, irratirako eta prentsa idatzirako iragarkiak ere prestatu dituzte. «Argi dugu bertako komertzio txikiok gauza on asko ditugula eskaintzeko, eta hori gizarteari jakinarazi behar diogu», esan du Dendarteanek. «Txikia izatea da handi egiten gaituena».