Hala ere, ez da pertsonatuko Espainiako Gobernuak sei udalen aurka hasitako auzibidean
Udalek zilegi eta legezkoa dute erakundearen erabaki guneetako aktak euskaraz bakarrik egitea. Hala dio Eusko Jaurlaritzak astearte arratsaldean aurkeztu zuen txosten juridiko batek. Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordeak aurkeztu zuen txostena Hizkuntza Politikarako sailburuode Patxi Baztarrikak, eta berriki helegitea jaso duten sei udalen jarduera legezkoa dela ebatzi du. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak sei udal auzibidean jarri ditu, erakunde horri bidali beharrean diren aktak euskara hutsean igortzen dituztelako. Arama, Altzaga, Itsasondo, Antzuola, Aduna eta Bergarako udalek jaso dute, oraingoz, helegitea.
Guztiak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) kide dira, eta elkarte horrek jakinarazi du jaurlaritzaren txostenaren ondorioa, aktak euskaraz soilik egitea legezkoa dela argudiatzen duena. Hala ere, jaurlaritzak ez du hartu auzibidean pertsonatzeko konpromisorik, eta jarrera hori salatu du Uemak. “Euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen ari direnean, euskararen normalizazioaren eskumen nagusia duen erakundea, Eusko Jaurlaritza da horren defentsa bururaino eramatea dagokiona”, azaldu du Uemak.
Udalek ere deitoratu egin dute Carlos Urkijo buru duen ordezkaritzaren ekinbidea. Udalak legez behartuta daude erabaki guneetako aktak (izan osoko bilkuretakoak, edo beste organo batzuetakoak) Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari bidaltzera. Lehen ere euskara hutsean bidaltzen zituztela azaldu du Aramako alkate Asier Mujikak, baina Urkijo iritsi arte ez zutela inongo arazorik izan gaineratu du: “Orain urtebete edo urte eta erdi hasi ziren eskakizun horrekin. Ordutik, laburpen bat bidaltzen diegu erdaraz. Eusko Jaurlaritzatik beti esan zaigu legez genbiltzala”.
Baina orain auzitara eraman dituzte. Urtea amaitu baino lehen erabaki beharko dute udalek zer egin: edo atzera jo eta aktak gaztelaniaz ere bidaltzen hasi, ala epaitegietara aurkeztu, horrek dakartzan kostuekin.
Aramako udaletxe berria./Aimar Maiz