Kantakak Gabonetako kontzertu berezia egingo du bihar, Lazkaon
Abendua lan eta lan igaro ondoren, Kantaka abesbatzak sorterrian bertan —Lazkaon— egingo du urteko azken emanaldia. Gabonetako Kontzertua bihar (larunbata) eskainiko du, 20:00etan hasita, San Migel elizan. Aitor Furundarena soinu jotzailea izango dute lagun abeslariek.
Bi zati izango ditu kantaldiak. Lehenengo, euskal sortzaileen abestiak kantatuko dituzte, Benito Lertxundi, Xabier Lete edo Javier Bustok armonizatutako abestiak, esate baterako. Bigarren erdian, gabon kantek hartuko dute lekua. Kontzertua 45 bat minutuko iraupena izango du, gutxi-asko.
Furundarenaren ekarpena nabarmendu du Kantakako zuzendari Debora Herrerok. “Abesbatzek normalean a capella abesten dugu, edo pianoaz nahiz ganbara-orkestraz lagunduta. Oraingoan, Aitor Furundarena soinu jotzaile polifazetikoa izango dugu lagun, errepertorioaren zati handi batean. Ahotsekin batasun erabatekoa lortuko da. Koruak eta akordeoiak osatutako sinergiarekin espresibitate handiagoa eta sakontasun gehiago lortzen da”.
Abenduko ibilbidea Azpeitian hasi zuen Kantakak, hilaren 6an. Zarzuela Gaua egin zuten orduan. Aurreko asteburuan, Ordiziako Caritasen kontzertu benefikoan jardun ziren.
www.kantaka.eu).
2014. urtearen errepasoa ere egin du abesbatzak. “Oso emankorra izan da guretzat“, dio Herrerok. Apirilean The Armed Man obra aurkeztu zuten, San Prudentzio festak hasteko, Areria aretoan. Lazkaon aritzeaz gain, Beasainen eta Donostiako Aita Donostia Ziklo ospetsuan ere taularatu zuten obra hori. Ekainean, bestetik, Zumarragako Antigua Abesbatzak koru topaketa entzutetsuan parte hartu zuen.
Datorren urtea ere ez dute amutsagoa aurreikusi. Kantakak 10 urte beteko ditu, eta bereziki ospatzeko asmoa dute. Orain hilabete pare bat errifak atera zituzten. Once-ren gaurko (abenduak 19, ostirala) zozketako azken hiru zenbakiekin bat egiten duena izango da sariduna. Biharko kontzertuaren bukaeran emango diote zortedunari saria, bertan baldin badago. Bestela, abesbatzaren webgunearen bitartez harremanetan jarri behar du (