Onartu du Ordiziako Udalak 2015erako aurrekontua, ia 15 milioi eurokoa
Ordizia Zabalik prozesuari esker, herritarrek egindako ekarpen ugari txertatu dituzte aurrekontuan.
Atzo iluntzean egindako osoko bilkuran onartu zuten Ordiziako Udalean datorren urterako aurrekontua., Bilduko udal gobernuaren aldeko botoekin. Zehazki 14.980.000 euroko aurrekontu orokorra izango dute. Herritarrek eskatutako hainbat proiektutarako eta udalak landu dituen hiru proiektu nagusi garatzeko 1.260.000 euro bideratuko dituzte.
Igor Eguren alkatea eta Izaro Intsausti, Belen Maiza, Juan Mari Gereñu eta Iban Asenjo zinegotziak prentsaurrera atera dira gaur goizean aurrekontuaren xehetasunak azaltzeko. Onartutako aurrekontuarekin “oso pozik” daudela azaldu du Egurenek: “Gustura gaude, iaz bezalaxe, aurten ere aurrekontua abenduan onartu delako, eta gustura gaude Ordizia Zabalik prozesu arrakastatsuaren bidez herritarrek egindako hainbat eta hainbat ekarpen txertatu direlako”.
Alkateak nabarmendu duenez, lau ardatz nagusi izango ditu aurrekontuak: enplegua, irisgarritasuna, ingurumena, mugikortasuna eta politika sozialak. “Horrez gain, datozen urteetan jarraitu beharreko bide-orria ere finkatuta geratu da Ordizia Zabalik prozesuaren bidez. Jasotako 400 ekarpen baino gehiagorekin 45 proiektu lehenesten dituen oinarrizko dokumentu bat osatu da, eta 45 horietatik hainbat 2015ean egin beharko dira”, azaldu du. Mantenua, garbitasuna, biziberritzea… auzoetan beharrak asetzeko lehen urratsak ere emanda dituzte dagoeneko.
EAJren jarrerarekin haserre Legegintzaldian zehar EAJk izandako jarrerari aipamena egin zion Igor Egurenek agerraldian. Iaz Bilduk eta EAJk izandako negoziazioaren ondoren jeltzaleen 9 proposamen aurrekontuan txertatu zituen udal gobernuak, nahiz eta botazioan abstenitu. Horietatik 6 proposamen gauzatu dituzte, bi martxan daude eta bat ez da bete baldintza politikoak zeudelako tartean. Datorren urteko aurrekontuari dagokionez EAJk proposatutako proiektuen erdiak eginda daudela esan zuen Egurenek: “Aurten 12 proposamen egin dizkigute folio batean idatzita, inolako zehaztapenik gabe, eta esan behar da horietatik erdiak eginak daudela dagoeneko. Ekarpen horien aurrean kontsiderazio falta izatea egotzi diote udal gobernuari, baina badakite hori ez dela horrela. EAJren alkategaiari dei egin diote herritarren beharren alde egiteko, eta ez komunikabideen bitartez herritarrak nahasten aritzeko”.2015eko aurrekontua zenbakitan
- Aurrekontu orokorra: 14.980.000 euro
- Udalaren berezko aurrekontua: 13.765.000 euro
- San Jose egoitza: 2.700.000 euro
- Majori kiroldegia: 1.575.000 euro
- Herri Antzokia: 100.000 euro
- Frontoian berogailua jartzea: 30.825 euro
- Barrena parkea eraberritzea: 140.000 euro
- Herriko taldeentzako lokalak egokitzea Dorrean: 49.750 euro
- Majoriko kuboko bigarren kantxaren zorua: 47.734 euro
- Ekitaldi zibilak egiteko azpiegitura egokitzea: 28.000 euro
- Erraldoi eta buruhandiak berritzea: 13.310 euro
- Garagartza plazan estalpea jartzea: 70.000 euro
- Ordiziako historiaren tematizazioa: 12.000 euro
- 21-P biziberritzea: igogailua jarri Goierri kaletik Urdaneta kalera, eta lokal hutsak negozio bihurtzeko laguntza programa bideratzea: 130.000 euro
- Oianguko proiektuaren garapena. Taberna-jatetxe zerbitzua martxan jartzea: 150.000 euro
- Oria ibai ertzeko pasealekua eraberritzea, Buztuntzan: 282.600 euro













