ETBko programan txapeldunorde geratu den Lazkaoko taldeak herrikideen aurrean abestuko du
Kometa esan nahi du ingelesezko ‘kite’ hitzak, euskaraz. Hegaldi luzea eta ikusgarria ondu dute azken hiru hilabeteetan Lazkaoko The Kites taldeak. ETB1eko ‘A ze banda’ musika-lehiaketan bigarren geratu ziren, herenegun, Ordiziako Twin Melody ahizpa bikien ondotik. Lazkaoko Lazkao Txiki Musika Eskolan sortutako The Kites boskoteak, hala ere, arrakasta nabarmena izan du. Hainbeste, ezen haiek itxiko dute, gaur, musika eskolaren Gabon aurreko kontzertuen zikloa.
Areria aretoan ariko dira The Kitesekoak, gaur 20:30ean hasita. Musika eskolarentzat kontzertu solidarioa izango da. Sarrerarik ez dago jada, atzo agortu ziren azkenak. “Areria bete dute neskek”, txalotu ditu musika eskolak.
Asteartean eskolako helduen koruak abestu zuen, eta atzo Gabonetako Kontzertua izan zen, musika tresna ugarirekin eta talde askoren partaidetzarekin.
Lazkaoko musika eskolan sortutako eta trebatutako The Kites taldea./Hitza