Goierri Eskolarainoko espaloia egokitzeko lanekin jarraituko du Udalak.
Gaur eguerdiko 13:00etatik aurrera irekiko da Ordiziako Agerrebidea. Eguraldia lagun, azken egunetan asfaltatzen lanak egiten aritu dira, eta pintatze lanak eginda, errepidea erabilgarri egongo da ibilgailu, oinezko eta txirrindularientzat. 270 metroko luzera du zati berriak, eta 11 metroko kaltzada, 7 metroko ibilgailuentzat bi noranzkoetan eta 4 metrokoa oinezko eta txirrindularientzat. Campezo enpresa aritu da joan den abuztuaren 24tik errepide berria eraikitzen (490.000 euroan esleitu zitzaizkion lanak, BEZ barne). Era berean, Agerrebideko eta Goierri Eskolako bidegurutzeak espaloi bidez egokitzeko lanak egiten ari da Udala.
Bide hau irekitzean Ordiziaren aspaldiko nahi bat beteko dela diote Udaletik. Agerrebidea berritzea urte askoan mahai gainean egon den proiektua izan da, baina orain arte ez da gauzatu ahal izan. Sarrera-irteera berri bat izateaz gain, galiborik ez duen Ordiziako lotune bakarrean bihurtuko da, eta CAF aldera doazen kamioi edo bestelako ibilgailuek sartu-irteera zuzena izatea bermatuko du. Inguruko herritarrei ere joan-etorria erraztuko die errepide berriak, eta aurrerantzean ohiko sarrera-irteera gune bihurtuko da erabiltzaile askorentzat.