Eguberritako azoka berezia egingo da etzi, Ordizian
Erakusketak, lehiaketak eta ekintza ugari prestatu ditu Ordiziako Udalak goiz ederra pasa ahal izateko.
Asteazkenero Plaza Nagusiak jasotzen duen ohiko azokaz gain, Ordizia erdigune guztia azokaleku bihurtuko da etzi. Eguberrietako aparteko azoka egingo da Urte Zahar egunez, urtean zehar Ordiziako Udalak antolatzen dituen azoketan azkena.
Goizeko lehen ordutik aurrera, Beti Alai pilotalekuan kanpoi, antzar eta idioilar erakusketa egingo da. Horien ondoan ez da faltako pottoka edo txahalik. Plaza Nagusian, berriz, asteroko azoka izango da. Garagartza Plazan, berriz, Euskal Herriko errege-sagar lehiaketa-erakusketa izango da; baita bertako fruitu lehorren eta bestelako frutaren lehiaketa-erakusketa ere. Garagartza Plazan baita ere txerri erakusketa egingo dute, Bidaniako Pedro Urdanpilletak ekarritako euskal txerriekin. Eskuz landutako artisau produktuek ere bere lekua izango dute Garagartza Plazan eta inguruetan: foie-grasa, eztia, gazta, ogia, goxokiak…
Nazioartean saritutako gaztagileei omenaldia Azoka bereziaren baitan, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak 2014 urtean zehar nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei esker oneko ekitaldia antolatu du. Seu d’Urgellen egiten den Pirinioetako artisau gazten lehiaketan bigarren egin zuen Idiazabalgo Aranburu Elkarteak, esate baterako. Austriako Käsiade Lehiaketan, berriz, Jabier Muñoak lortu zuen bigarren postua. Saritutako gaztagileak udaletxe azpiko arkupetan bilduko dira, 11:00etan egingo den ekitaldian.Azoka goiza alaitzeko trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko dira kaleetan barrena. Zalantzarik gabe, goiz eder eta atsegina pasatzeko aukera bikaina izango du Ordiziara gerturatzen denak.













