Ordiziako errugbi elkarteko 25 bat jokalarik entrenamendu berezia egin zuten, larunbat goizean, Lazkaon. Ohiko joko zelaitik irten, eta errugbi zaletasuna bailarako beste herri batzuetan zabaltzeko joan ziren Harizti Haundi zelaira. Errugbi jokoa bertatik bertara erakutsi, jokalariak ikusi, eta partidak nola prestatzen dituzten ikusi ahal izan zuten, kasu honetan, lazkaotarrek.
Ordu eta erdi inguruko lan saioa egin zuten, Santos Regil entrenatzailearen esanetara. Beroketa ariketak eta luzaketak egin ostean, blokeoak landu zituzten. Amaieran partidatxo bat jokatu zuten, arin-arin. 40 bat ikusle joan ziren zelaira. Tartean zen Ordiziako Errugbi Elkartearen lehendakari Kepa Korta ere.
Ohorezko Mailako hainbat jokalarik parte hartu zuten Eguberri egunen ondorengo lehenengo lan saioan, Iñaki Suso, Alvarez de Eulate, Huxford eta Simpsonek, esate baterako. Seniorren taldeko jokalari gazteagoek osatu zuten multzoa.
Ordiziako errugbi taldeko jokalariak Lazkaoko Harizti Haundin, entrenatzen./Aimar Maiz