Orratzak sartutako txakur jana topatu dute Zaldibian
Zaldibiako Parke Botanikoan txakurrei kalte egiteko propio prestatutako jakiak aurkitu dituzte, bizilagun batzuek herenegun egin zuten salaketa baten arabera. Txakurrek jateko jan puska batek orratz luze bat sartuta zeukan, lurrean utzita. Oilasko hegoak ere aurkitu dituzte, iltzez beteta. Txakurren jabeei adi ibiltzeko dei egin die aurkitzaileak, eta salaketa jarri du.
Udala ere arduratuta azaldu da, gaur. Txakurren jabeekin egon litezkeen “arazoak” pertsonen artean konpontzeko eskatu du, animaliei kalte egiten ibili gabe. Halako kalte eragilerik berriz ager ez dadin “neurriak” hartzen ari dela ere gaineratu du udalak.