Majori leporaino bete zuten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bi saioetan
Labetik atera berri duten
Txo Mikmak Txikia ikuskizuna aurkeztu zuten larunbatean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Ordiziako Majori kiroldegian. Hemezortzi urte dira dagoeneko hutsik egin gabe Goierriko ikastolek Urruñakoa eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioak laguntzeko jaialdia antolatzen dutela. Leporaino bete zen kiroldegia jarraian egin zituzten bi saioetan.
XVI. menderaino atzera egin eta Euskal Herritik Kanadako Ternua eta Labradorreko kostalderaino balea arrantzatzera joaten ziren euskaldunen abenturak gogora ekarri dituzte pailazoek. Bostehun urteren ondoren Euskal Herrira itzuli den gazteak itsasoko gaitzarekin egin du topo, ordea, plastikoen kutsadurarekin. Dantzan eta kantuan, atsalde ederra pasa zuten etxeko txikienek.
Urruñako Ikastolako eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko ordezkariek “jasotako babesa eta elkartasuna” eskertu nahi izan dituzte. Bereziki Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolei eskerrik beroenak eman dizkie; baina baita jaialdia babestu zuten Goierriko udalei, kultur elkarteei eta hainbat enpresei ere. Era berean, jaialdira gerturatu ziren guztiei ere esker ona agertu zien Lapurdiko ikastoletako ordezkariek; “guztion artean, urrats txikiak emanez, lortzen ditugulako pauso handiak”.
Zenbaki sarituak
Jaialdiaren bueltan egindako zozketako zenbaki sarituak ere jakinarazi dituzte antolatzaileek. Hala, Port Aventurako bidaia 1714 zenbakiaren jabeak irabazi du; Urbitarte sagordotegiko afariak 2015 zenbaki jabeak; eta Urruñako Xaia Ostatuko afariak 1736 zenbakidunak.