Urtarrilaren bigarren astea baino lehen aurkez dezake errekurtsoa Zeraingo Udalak
Urrian herritarrei proposamena luzatu ondoren, azaroaren hasieran erabaki zuen Zeraingo Udalak Uema Udal Euskaldunen Mankomunitatean sartzea. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak, ordea, helegitea jarri dio Zeraingo Udalaren erabakiari. Urkijok ezarritako helegitearen arabera, udalek ez dute eskumenik euskara zerbitzua eskaintzen duen mankomunitate batean sartzeko.
Abenduaren 23an jaso zuen udalak helegitearen berri, eta urtarrilaren bigarren asterako aurkez dezakete errekurtsoa. Gabon jaiak direla eta, udalak oraindik ez du egoera sakon aztertu. Dena den, Uemarekin eta Berastegiko Udalarekin harremanetan jartzeko asmoa azaldu dute, egoerari nola aurre egin aztertzeko. Izan ere, Berastegi ere Zerainen egoera berean dago:
urrian Urkijok helegitea jarri zion Berastegi Ueman sartzeko erabakiari.
Zerain urtarrilaren 17an zen lehen aldiz Uemako batzar orokorrean parte hartzekoa, baina helegitea medio, oraindik ez dakite zer gertatuko den.
Abenduaren hasieran
Uemako sei udalerriri jarri zien helegitea Urkijok aktak euskaraz bakarrik bidaltzeagatik. Goierriko hiru herri zeuden horien artean: Altzaga, Itsasondo eta Arama.