Txilibutxof Aisialdi Elkarteak antolatzen du zamalkadak eta aurten 30 urte beteko ditu elkarteak
Erregeen Zamalkada Beasainen, Txilibutxof elkarteak antolatuta
Ohiturari jarraituz, urtarrilaren 5ean Erregeen Zamalkada egingo dute Beasainen,
Txilibutxof Aisialdi Taldeak antolatuta. Goizetik hasie eta iluntzera bitartean ekintza ugari egingo dituzte Txilibutxofekoek. Goizean-goiz hasita 10:30ean Errege Mangoen bisita izango dute Arangoiti zaharraren egoitzan. Hango lanak amaituta, 11:30ean haurren gutun bilketa egingo dute Loinazko San Martin plazan. Erregeen Zamalkada handia arratsaldean egingo dute.
18:15ean abiatuko dira erregeak Igartzako jauregitik, eta 19:15 aldera Errege Magoei ongi etorri ekitaldia egingo diete Loinazko San Martin plazan.
Arratsaldean ospatuko den Zamalkada Txilibutxofek antolatzen badu ere, zazpi talde ezberdinek hartuko dute parte: Txilibutxof, Goizeresi Txistulari Taldea, Loinatz Musika Eskolako Trikitilariak, Musika Banda, Koskola Txaranga, Kantujira eta Irratizaleen Elkarteak.Zamalkadan seigarren mailatik gorako edonork har dezake parte. Herriak Elkarlanean erakundeak plazako aldapan duen dendatik pasa behar da, gaur azkeneko egunez. Hiru karrozak eta musika taldeak 150 antortxeroz inguraturik joango dira ibilbide osoan zehar. Ibilbidea honakoa izango da: Igartzako Jauregia, Nafarroa etorbidea, Kale Nagusia, Joxe Migel Iturrioz, Arana Kalea eta San Martin Plaza. Eguraldia txarra izanez gero, Igartzatik Plazara joango dira zuzenean.
Txilibutxofek 30 urte
Plazan gauzatuko duten ekitaldia ere berezia izango da. Izan ere, 2015ean Txilibutxofek 30 urte beteko ditu. Hori ospatzeko, taldeko kide den Amets Arrospidek hiru Erregeei ongi etorria egiteko Erregeak Beasainen izeneko abesti berri bat egin du, doinu ezagun baten letra moldatuz. Abestiari musika eta ahotsa Kantujira taldeak jarriko dio.
Aurtengo Zamalkadak ere badu beste berezitasun bat. «20 urteko lan paregabearen ondoren, Edorta Martinez beasaindar ezaguna antolakuntzatik erretiratu da». «Hamabost urte inguru eman ditugu bera eta bere lagun taldearekin elkarlanean» diote Txilibutxofeko zamalkadaren antolatzaileek. «Hori dela eta, Txilibutxofetik eskerrak eman nahi dizkiogu azken 20 urteetan egindako lanagatik, Errege Bezperako jaia gaur egun bizi duen oparotasun unera eramateagatik. Eskerrikasko Edorta!».