Sarek antolatu du aurtengo manifestazioa eta argi-hoditxoak piztuko dituzte amaieran
Euskal preso politikoek jasaten duten dispertsioaren amaiera eskatuko dute Bilbon. Kartela.
Urtarrileko egutegiari begira jarri, eta urtea hasteko, oraindik ezabatu ezin daitekeen hitzordu bat dago
: Urtarrilaren 10ekoa. Aurten borobilduta, hizki larriz , ingelesez eta indartsu dator goiburua: NOW!.
Sare herritar sareak antolatuko du aurtengo manifesatazioa eta “
dispertsioarekin bukatzea beharrezkoa da, posiblea da. Orain, maintenant, ahora, now!” egin beharra dagoela diote. Goierritik ere dozenaka autobus joango dira presoei, iheslariei eta haien gertukoei ezartzen dizkieten salbuespeneko neurrien amaiera eskatzera. Autobusak jarriko dituzte herri gehienetan eta dagoeneko irekita daude berauetan joateko izen-emateak (beheko taulan daude batzuk).
Hala, aurten ere milaka lagunek berotuko dituzte Bilboko neguko kale hotzak. Kartzeletako ziegek, ordea, hotz jarraituko dute, etxetik ehunka kilometrotara daudenentzat.
2014an, atzean utzi dituzte kartzela hotz horietako batzuk lau goierritarrek:
Kai Saez de Egilaz, Anitz Eskisabel, Juan Mari Olano eta Mikel Kortak, hain zuzen ere.
2015ari begira jarrita, berriz, Olaberriko
Garikoitz Mujika joaten da gogoa,
urtarrilaren 31n baitu irteteko eguna. Eta nola ahaztu, astelehen honetan bertan, zigorra osorik beteta, aske geratu den
Mila Ioldi lazkaotarra.
Larunbateko manifestazioarekin dispertsioaren amaiera eskatu, eta Espainiako eta Frantziako kartzeletara argi-esperantza bat bidaliko dute. Ehunka preso politikoen artean, hemeretzi goierritar daude une honetan, euren sendi eta lagunetatik urrun.
“Dispertsioa ez da inoiz legala izan”, dio Sarek. “Ez du sekula inongo izateko arrazoirik eduki, ez bada pertsonak suntsitzea eta makurraraztea. Inoiz ez du zentzurik izan, eta
are gutxiago gaur egun, Euskal Herrian bizi dugun egoera berri honetan, non gatazkak utzitako ondorio latz guztiei konponbide justu eta iraunkorra ematea den euskal jendartearen gehiengo zabalaren nahia“. Horregatik, larunbatean Bilbora joateko deia egin dute.
Argia egiten duten hoditxoak banatuko dituzte, denak batera pizteko
Iaz, tanta txikiz osaturiko itsaso erraldoiak hartu zituen Bilboko kaleak. Aurten ere ukitu berezia eman nahi izan diote antolatzaileek inguruko manifestaziorik jendetsuenetakoa den honi.
Arratsaldeko
17:30ean abiatuko dira bi puntu ezberdinetatik manifestariak: Bizkaitarrek eta arabarrek La Casillan izango dute abiapuntua, eta nafarrek, ipar euskal herritarrek eta gipuzkoarrek udaletxean. Zabalburu plazara joango dira denak eta bertan elkartuko dira.
Pertsona
bakoitzak bi argi-izpi hoditxo eramango ditu. Hoditxo hauek autobusen irteeretan, metroko irteeretan eta Bilboko kaleetan banatuko dituzte antolatzaileek.
Bozgorailuetatik adieraziko dute zer unetan piztu beharko diren argitxo horiek. Antolatzaileek azaldu dutenez, garrantzitsua da bozgorailuetatik agintzen dutenean piztea, behin pizten direnean, ez baitago atzera berriro pizteko aukerarik. Pizteko, erditik hautsi behar da beldurrik gabe hoditxoa. Behin piztuta, eragin, eragin eta eragin. Horixe da egin beharreko guztia.
Behin piztuta, besoak igota erakutsiko dituzte parte-hartzaileek euren argitxoak.
Manifestazio isila izango da, eta ez da pankartarik egongo. Amaierako ekitaldian erabiliko dituzte argi-hoditxoak.
Hauek dira egun preso dauden goierritarrak.
Xabier Makazaga. (Segura). A Lama (Pontevedra). 720 km.
Inma Berriozabal. (Zegama) A Lama (Pontevedra). 720 km.
Garikoitz Mujika. (Olaberria). Foncalent (Alicante). 764 km.
Iban Apaolaza. (Beasain). Albarote (Granada). 832 km.
Ander Geresta. (Gabiria). Monterroso (Lugo). 608 km.
Xabier Zabalo. (Zumarraga). Puerto I (Cadiz). 1.000 km.
Rufino Arriaga. (Ordizia). Puerto I (Cadiz). 1.132 km.
Juan Mari Mujika. (Ataun). Valencia II. 562 km.
Mikel Azurmendi. (Beasain). Valentzia III. 562 km.
Ainhoa Barbarin. (Urretxu). Valentzia III. 562 km.
Lierni Armendariz + umea. (Ordizia). Picassent Valentzia. 562 km.
Oskarbi Jauregi. (Zaldibia). Valencia III. 562 km.
Idoia Mendizabal + umea. (Ordizia). Valencia III. 562 km.
Joseba Arregi. (Legazpi). Villena (Alicante).707 km.
Ismael Berasategi. (Urretxu). Villena (Alicante).707 km.
Pakito Mujika. (Ordizia) Zuera (Zaragoza). 311 km.
Joseba Segurola. (Urretxu). Murtzia. 793 km.
Josetxo Zeberio. (Beasain). Muret (Frantzia). 365 km.
Belen Gonzalez. (Lazkao). Etxean preso.
Manifestazioetara joateko autobusak, herrika:
Idiazabal. Izena emateko: Xume.
Zegama. Izena emateko: Itzala.
Segura. Izena emateko: Elorripe.
Ataun. Izen-ematea ohiko lekuetan. 15.00etan abiatuko da San Gregoriotik eta 15:15ean San Martinen geldituko da.
Lazkao. Izema emateko: Oker, Alboka, Giroa eta Antxoategi.
Gabiria eta Ezkio-Itsaso. Izena emateko: Gabiriako Osinalde elkartean.
Zumarraga eta Urretxu. Izena emateko: Motz, Apatxe, Saski, edo telefonoz Txatari deituta (680 16 30 19). Bera arduratuko da Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako autobusak kudeatzeaz.
Autobus gehiago ere egon daitezke.
Autobusak 15:00etan abiatuko dira herri gehienetan eta itzulera ordua, autobus bakoitzean zehaztuko dute.