Zerain Ueman sartzeko erabakia salatu du Urkijok
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak helegitea jarri dio Zerain Ueman sartzeko erabakiari. Udal Euskaldunen Mankomunitatea da Uema, euskararen normalizaziorako eta sustapenerako lan egiten duena. Urkijok jarritako helegitearen arabera, orde...
Azaroan erabaki zuen Zeraingo Udalak Ueman sartzea, eta dagoeneko jasoa zuen mankomunitatearen onespena ere. Urtarrilaren 17an ziren kide ofizial bihurtzekoak, baina helegitea tarteko, ez dakite zer gertatuko den.
Errekurtsoa jarriko dute
Abenduaren 23an jaso zuten udalean helegitearen berri, eskutitz baten bidez. Joan den astean, berriz, herritarrei eman zieten helegitearen berri. Gabon jaiak medio, Zeraingo Udalak oraindik ez du izan egoera sakon aztertzeko aukerarik. Dena den, errekurtsoa jartzeko asmo garbia azaldu dute, eta bihartik aurrera hasiko dira «buru belarri» errekurtsoa prestatzen.
Orain arte Euskal Herriko udalerriek ez dute arazorik izan Ueman sartzeko. Urrian, ordea, Urkijok helegitea jarri zion Berastegik Ueman sartzeko hartutako erabakiari, eta bide bera hartu du Zerainekin ere. «Uemak aholkatu digu Berastegiko Udalarekin harremanetan jarri eta bi herriek modu berean egiteko helegite hauen aurka», adierazi du Joxe Mari Telleria Zeraingo zinegotziak.
Ziurrenik Berastegiko kasua landu duen abokatuarekin lan egingo du Zeraingo Udalak ere, baina oraindik ez dute erabaki zehatzik hartu. «Berastegiri ez zioten errekurtsoa onartu, beraz, ikusi egin behar gure kasuan zer gertatzen den», esan du Telleriak.
Azken hilabeteetan hainbatetan egin du Uemako udalerrien aurka Urkijok. Berastegi eta Zeraini jarritako helegiteez gain, abenduaren hasieran Gipuzkoako sei udal salatu zituen aktak euskara hutsean bidaltzeagatik. Goierriko hiru herri zeuden tartean: Altzaga, Arama eta Itsasondo.
Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 72 udalerri daude une hauetan Ueman, tartean Goierriko zazpi: Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso, Gaintza, Itsasondo, Segura eta Zaldibia. Zerainek, berriz, itxaron egin beharko du momentuz.













