Auzoka eta gaika, Plan Orokorra osatzeko bilerak hastear daude
Ikasleekin, elkarteekin eta foro eta mahaietako kideeekarpenak jaso dituzte. Nolako herria nahi duten erabakitzeko diagnosia egiten ari dira Gaur Biharko egitasmoarekinAzaro amaieran aurkeztu zuen Beasaingo Udalak Herri Plan Orokorra egiten hasteko pre...
Ikasleekin, elkarteekin eta foro eta mahaietako kideeekarpenak jaso dituzte. Nolako herria nahi duten erabakitzeko diagnosia egiten ari dira Gaur Biharko egitasmoarekin
Azaro amaieran aurkeztu zuen Beasaingo Udalak Herri Plan Orokorra egiten hasteko prestatu zuen Gaur biharko egitasmoa. Beasainen zer, nola eta non egin daitekeen finkatu nahi dute parte hartze prozesu horren bidez eta horrek, herria nolakoa izango den eta herritarrak nola biziko diren baldintzatuko du. Nolako gizartea nahi duten, nolako ekonomia, zer babestu eta zer ustiatu nahi duten… azken finean, Beasainen bizitza modu anitza nola bermatu eta zein elkarbizitza mota izan behar duten erabaki behar dute prozesu honen bidez.Abenduan hasi zuten, herritarrekin batera, parte hartze prozesua, eta zehazki, herriko ikasleekin, elkarteekin eta martxan dauden foroetan eta mahaietan parte hartzen duten herritarrekin egin dituzte bilerak.
Udaletik azaldu dutenez 500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute prozesuan. «Emakume eta gizonen parte hartzea parekatua izan da eta adinari dagokionez, aniztasun handia lortu dugu. Zortzi urteko beasaindarretatik hasi eta jubilatuak arte izan dira prozesuaren fase honetan parte hartu dutenak». Horregatik, udalak «oso balorazio ona» egin du orain artekoaz, «herritar asko baitira beraien iritzika eta ekarpenak egin dituztenak».
Ikastetxeetan egin duten lanketari dagokionean, 8 eta 17 urte arteko ikasle taldeek hartu dute parte. Beasaingo ikastetxe guztietako haurrekin egin ditu Udalak bilerak, eta ikasle hauen gurasoek ere parte hartuko dute prozesuan, beraien seme-alabekin landuko duten inkesta baten bitartez. 400 haur eta gazte inguru izan dira prozesuaren atal honetan parte hartu dutenak. «Kopuru oso polita» udalaren ustez. Haurrek herriarekiko duten ikuspegia azaldu dute bertan, eta beraien beharrak azaldu dituzte.
Idoia Lopetegi eta Nicola Foroni parte-hartze prozesuetan adituak arduratu dira eskoletako haurren parte-hartze prozesuak kudeatzeaz, eta Lopetegiren ustez»primeran ulertu dute haurrek prozesu honen garrantzia: kontziente dira hemendik urte batzuetara beraiek erabiliko dituztela orain egindako hobekuntzak: beraiek biziko direla Beasainen».
Bere ustez haurrei gehien kostatzen zaiena, egiten ari direna prozesu honetako diagnosia soilik dela ulertzea da, eta ez proposamen edo ekintza zerrenda bat osatzea. Baina, eskari edo proposamenak egiterako garaian, gazteek «zentzuz» egin dituztela dio: «konturatzen dira, zerbait nahi badute, kostu bat duela horrek eta horri aurre nola egin ere pentsatzen dute zenbaitek. Esate baterako: kaleak gehiago garbitu behar direla proposatzen badute, badakite horrek kostu ekonomiko bat duela, eta horretarako dirua obra gutxiago eginez lortu daitekeela proposatzen dute», dio Lopetegik.
Gainera, gaztetxoek euren iritzia galdetzea eskertu egin dutela uste du: «Horrelako iritziak beti helduei bakarrik eskatzen zaizkiela zioten, eta eskertu egin dute eurei galdetu izana».
Aisialdia antolatzerakoan ere berdin gertatzen dela aipatu dute eskoletako haurrek, baina haur eta gaztetxoentzako dauden gazteleku, ludoteka eta antzerakoak ez dituztela asko erabiltzen onartzen badute ere. «Haurrek kalean egoten direla diote eta estalpe gehiagoren beharra ikusten dute».
Herriko mugikortasunaz, aisialdi ekipamenduez eta kontsumo ohiturez hitz egin dute batez ere diagnosiaren lehen zati honetan.
Gaztetxoek aho-artean ibili dituzten kezken artean, askotarikoak aurkitu dituzte egin dituzte bilera guztietan, baina haurrek gaia «arduraz» hartu dutela dio Idoia Lopetegik: «Oso inpresio onarekin gelditu gara, ekarpen asko egin dituzte eta jarrera oso ona erakutsi dute. Adin tarte handia dago zortzi eta hamazazpi urteren artean, baina gazte zein helduxeago, denekin erraz hitz egin dugu».
Orain, auzoka eta gaika
Atzo iluntzean, aurkezpen bilera egin zuten udaletxeko batzar aretoan, eta hemendik aurrera, bilera desberdinak egingo dituzte, bai auzoka eta baita gaika ere. Herritarrak izango dira fase honetako protagonistak eta antolatutako hamar bilerak beraiei zuzenduta daude.
Bilera guztiak 18:30ean izango dira. Bileretan haurtzaindegi zerbitzua egongo da, baina izena ematea beharrezkoa izango da. Zerbitzu hau eskatzeko bilera eguna baina bi egun lehenagora arteko epea izango dute beasaindarrek ondorengo telefono eta helbide elektronikoan 943 02 81 08 edo komunikazioa@beasain.net.
Plan Orokorrarekin herritarren bizi ereduan eragin zuzena duten erabaki asko hartzen dira eta horregatik «ezinbestekoa» iruditzen zaio Udalari «lan hau herritarrekin batera, elkarlanean, egitea» eta horregatik «herritarrak animatu» nahi dituzte datozen asteetako bileretan parte hartzera.