Zientziaren bidezidorrak
Matematikaren eta xakearen loturak zabalduko ditu Lemniskata elkarteak urtarrilaren 16tik 31ra bitartean. Loteria egokitu zaien zorionekoak telebistaren pantailan adierazpenak egiten ari dira Goyo Lekuona eta Jose Luis Etxezarreta Lemniskata elkarteko kideei hitzordua egindako tabernan. Loteria ez da baina zori kontua, matematika kontua baizik. Areago, adibide hori bera landu zuten iazko Lemnikastaren jardunaldietan. Etxezarretak berretsi egin du baieztapena pantailara begira, «inon baino gehiago erosten bada administrazio jakin batean, han egokitzeko probabilitatea handiagoa da, jakina». Dena dela, bere ustez gizakiak zorian sinestea gustukoa du: «Engainatzen gaituztela eta egokitzea zaila dela jakinda ere, badaezpada jokatzen dugu: egokituko bada?». Loteriarena adibide bat da. Matematika, eta zientziaren beste adar asko ere, egunerokoan zeinen presente dauden agerian uztea da Lemniskata elkartearen xedeetako bat. Xede horren eskutik doa zientzia zabaltzea, dibulgatzea, hurbiltzea eta edonoren eskura ipintzea. Lekuonak dioenez, «jendeak interesa dauka, baina zientzia ez ulertzeak beldurra eragiten du». Lemniskatakoak izu hori hautsi bidean daude: beren jardunaldietara 150 lagun ere bildu izan dira. Lemniskata, infinituaren ikurraren izena da eta elkarteak, izenaz gain, hiru dimentsiotako infinituaren ikurra ere bere egin du. Iazko jardunaldietan matematikari darion musika edo musikari darion matematika agerian utzi zuten. Aurten xakeari helduko diote urtarrileko jardunaldietan. Zientziaren izenak Urtarrilaren 16an Leontxo Garcia iruindarrak hasiera emango die [...]
Matematikaren eta xakearen loturak zabalduko ditu Lemniskata elkarteak urtarrilaren 16tik 31ra bitartean.
Loteria egokitu zaien zorionekoak telebistaren pantailan adierazpenak egiten ari dira Goyo Lekuona eta Jose Luis Etxezarreta Lemniskata elkarteko kideei hitzordua egindako tabernan. Loteria ez da baina zori kontua, matematika kontua baizik. Areago, adibide hori bera landu zuten iazko Lemnikastaren jardunaldietan. Etxezarretak berretsi egin du baieztapena pantailara begira, «inon baino gehiago erosten bada administrazio jakin batean, han egokitzeko probabilitatea handiagoa da, jakina». Dena dela, bere ustez gizakiak zorian sinestea gustukoa du: «Engainatzen gaituztela eta egokitzea zaila dela jakinda ere, badaezpada jokatzen dugu: egokituko bada?».
Loteriarena adibide bat da. Matematika, eta zientziaren beste adar asko ere, egunerokoan zeinen presente dauden agerian uztea da Lemniskata elkartearen xedeetako bat. Xede horren eskutik doa zientzia zabaltzea, dibulgatzea, hurbiltzea eta edonoren eskura ipintzea. Lekuonak dioenez, «jendeak interesa dauka, baina zientzia ez ulertzeak beldurra eragiten du». Lemniskatakoak izu hori hautsi bidean daude: beren jardunaldietara 150 lagun ere bildu izan dira.
Lemniskata, infinituaren ikurraren izena da eta elkarteak, izenaz gain, hiru dimentsiotako infinituaren ikurra ere bere egin du. Iazko jardunaldietan matematikari darion musika edo musikari darion matematika agerian utzi zuten. Aurten xakeari helduko diote urtarrileko jardunaldietan.
Zientziaren izenak
Urtarrilaren 16an Leontxo Garcia iruindarrak hasiera emango die jardunaldiei, Igartza jauregian, Beasainen. Xakean aditua da Garcia, baina berak xakeari zientziaren haritik helduko dio. Santiago Fernandezena izango da hurrengo hitzaldia, urtarrilaren 23an. Fernandezek xakearen haritik helduko dio zientziari. Kanpoko puntako adituak eramaten dituzte jardunaldietara, baina bertakoei ere erreparatu nahi diete. Etxezarretaren hitzetan, «eskualdean puntako ikerlariak ditugu eta gure bizilagunak izan daitezkeen arren, ez ditugu ezagutzen».
Bi adibide eman ditu Etxezarretak: Itxaro Perez eta Idoia Goikoetxea. Biak ala biak beasaindarrak, biak ala biak puntakoak; bata biokimikoa, bestea auzi antropologoa.
Bizilagunen berri ez izateaz gain, nazioarteko adituen izenak ere ez dira ezagunak egiten. Ez behintzat, zientziaren alorrean ari badira. Etxezarretaren hitzetan, «izen handiak izan ditugu gure artean, xaboi ponpak baliatuta hainbat erakustaldi egin zigun behin Anton Aubanellek eta 150 ikusleetatik bat ere ez zen ordu eta erdian altxatu. Hala ere, izen hori esan eta ez dakigu nor den. Zientzia baztertuta dagoenaren isla da». Zientziaren alorrean lorpenen araberako dibulgazioa egiten delakoan dago Etxezarreta: «Minbiziari muga jartzeko zer edo zer aurkituz gero, horren berri ematen da, baina oso era eskasean eta horian».
Aristoteles ere ez zen Atenasen orotan ezaguna, baina mendeen bidea egin du berak emandakoa.
Lemniskatakoak, dena dela, ez dira bazterketa horrekin konformatzen. Hori dela eta, esparru askotara iristeko moduko ekintzak antolatu dituzte 2012an elkartea sortu zutenetik. Ildo horretan txertatzen dira jardunaldiak. Enrike Zuazuak emango dien segida urtarrilaren 30ean matematika egunerokoan txertatuz. Zuazuak, gainera, euskaraz egingo du bere hitzaldia. Euskaraz arituko diren zientzialariak eta zientzian aritzen diren emakumeak aurkitzea ez dela batere «samurra» diote Lekuonak eta Etxezarretak aho batez.
Jardunaldietan hitzaldiez gain tailerrak ere egingo dituzte, urtarrilaren 24an eta 31n, hain zuzen.
Goierrin zabaldu
Lemniskata hitzari Goierriko zientzia sare herrikoia gehitu dizkiote elkartearen izen osoan. Taldeak Goierrin zientzia zabaltzea du helburu eta horren isla dira aurrera begira dituzten proiektu guztiak. Aurreko urteetan CAFekin, Orklirekin eta Amporekin egin duten bezala, aurten Indarri proposatu diote erakusketa osatzea, non bere jarduna azalduko duen. Aurten, 75 urte beteko dira Indar ireki zutenetik eta urte horietako guztietako historia idazteko hitzarmena lotu bidean daude Aranzadi Zientzia Elkartearekin lotuko dute.
Beasaingo 400 urteurrenaren harira Martin Garciak idatzitako liburuaren bultzatzaile izan dira eta garai hartako eraikinak aintzat hartuta bisita gidatuak antolatzeko asmoa daukate. Ordiziara ere iritsiko dira, eta Urdanetak itzulera bidaia hasi zuela 450 urte betetzen diren honetan, bost ekintza antolatuko dituzte. Lazkaon, Ormaiztegin eta Goierriko herri txikietara ere eramango dute zientzia, baina zientzia era samurrean, egunerokoan agertzen den bezala hala loterian nola edaten dugun urak osatzen dituen irudi geometrikoetan.