Bihar 12:00etan Donostiako Alderdi Ederren sindikatuek deitu duten deialdiarekin bat egin dute; baita etzi arratsaldean egingo den martxarekin ere
Astelehen goizean euskal presoen defentsa eta ordezkaritza lanak egiten dituzten 12 abokatu eta beste lau herritarren atxiloketa ekarri zuen polizia operazioa dela eta, prentsaurrera atera dira gaur arratsaldean Goierriko hainbat sindikatutako, alderditako eta talde eragileetako kideak. LAB, ELA, EHNE, ESK, HIRU, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Etxerat, Sortu, EA eta EHEko kideak, bailarako preso ohiak; eta 04/08 sumarioko auzipetuak elkartu dira.
Guztien izenean, Usua Lasa eta Izaro Mujikak operazioaren izaera “erabat politikoa” izan dela nabarmendu nahi izan dute eta sarekadaren benetako helburuak ez daukala zerikusirik Espainiako gobernua esaten ari denarekin.
“Atxilotutako pertsonei eragiten dieten ondorio zuzenez gainera, era honetako ekinbideek behin eta berriro atzeratu dute herritar guztiei dagozkien oinarrizko eskubideak eta bermeak errespetatuak eta beteak izatea”, esan du Mujikak. “Egiazko demokrazia batean” eskubide eta berme horiek beste edozein interesen gainetik eta aurretik egon behar luketela defendatu dute.
Prentsaurrean agertu dutenaren arabera, polizia operazioa une zehatz batean iritsi da: “Espainiako Gobernuak indarrean duen espetxe politika zalantzen jartzen den unean”. “Elkartasun keinuak areagotzen doazen heinean, Estatuak kriminalizatu eta elkartasuna delitu bilakatu du”, esan du Usua Lasak. Edonola ere, PPren gobernuak sakabanaketa politikaz gain, indarrean dituen bestelako “salbuespen neurriek” ere gero eta zilegitasun gutxiago dutela ziurtatu dute.
Operazioa garatzeko aukeratutako uneari ere arreta berezia jarri diote. Bilbon Sarek deituta egindako manifestazio erraldoiaren ondoren egin izana nabarmendu dute. Aste honetan bertan jakinarazi du, bestalde, Auzitegi Gorenak Frantziako kondenak Espainian aintzat ez hartzeko erabakia. Astelehenean bertan ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa ere abiatzekoa zen Auzitegi Naizonalean. Epaiketak, salbuespenezko neurriak nahiz atxiloketak bake, askatasun eta demokrazia egoera sortzeko nahiari “eraso zuzena” direla salatu dute.
Etorkizuna “askatasunean, bakean eta demokrazian eraikitzeko” unea iritsi dela ulertuta, antolatu dituzte hainbat mobilizaziotan parte hartzeko deia egin dute. Batetik, bihar Donostiako Alderdi-Ederren eguerdiko 12:00etan sindikatuek deituta egingo den elkarretaratzean parte hartzeko dei egin dute. Era berean,
Giza eskubideak, bakea eta konponbidea lelopean etzi Donostian Antiguatik 17:00etan abiatuko den manifestazioarekin ere bat egin dute, eta herritarrei bertara joateko deia luzatu .
«Ez du denak balio. Ez gaude prest gure etorkizuna Espainiako Gobernuko agintari arduragabeen eskuetan uzteko».