Neguko lehen izozteek baratzeetan kalteak eragin badituzte ere, ale ederrak ikusi dira azokako zenbait postutan. Udaberriari begira jarriz landare aukera zabaldu da bitarteko porruari esker.

Zuhaitz landareen salmenta, Juan de Amezketa kalean
Eguraldiak sekulako garrantzia hartzen du naturan egin beharreko lanetan, hala nola baratzean zein basoan. Eta bietan zertan aritu? Gaia ba zen atzo Ordizian. Arbolak landatzeko garaian gaude; nahiz eta basoa ez den asko mugitzen, urteroko hitzorduari fin erantzun diote Zaldibarko Junkal Areitioaurtenak, Zegamako Arakamatarrek edota Munduate ataundarrak. Ohikoa den Albizturgo Lasaz galdetuta ez dakite etortzen hasiko ote den; «gu desagertzeko bidean gaude» aitortu digu Munduatek, umore gordinez. Martxo bukaera arte edo Juan Amezketa kalean egongo dira.
Prezioek bere horretan jarraitzen dute; fruta arbola gehienak (gerezi, sagar, irasagar, udare, arana, muxika, mizpira txertatu gabeko intxaurra…) 6 euroan; txertatutako intxaurra 20 euroan, Kiwia 10ean eta limoia eta laranja 20ean. Basoan landatzeko, lorategietarako nahiz hesiak egiteko erabilitakoen artean, aukera zabala dute; erabilienen artean, insignis pinua (0,20 eta 0,40 artean), leilandia (3), haritza
(1-1,50), pagoa (2,50-3) eta kamelia (12 euroan) aurki daitezke, besteak beste.
Izotzari aurre eginez
Baratzeei errepaso bat emanez, izotzak zenbait txokotan hondatu ditu zerba, borraja eta eskarolak batez ere; ez denetan ordea, ale ederrak ere ikusten baitira hainbat postutan.
Landare berriei begitatuta, atzo Montesenean bitarteko porrua eros zitekeen, ehuneko sorta 3 euroan. Urtekoak bukatu eta hurrengoak landatzeko garaia izan artean erabili ohi den porrua da, landatu eta laster jateko prest izaten da, iraupen laburrekoa, segituan igotzen edo garatzen baita; hortik datorkio izena. Tipula landareak ere aukeran dira, gorria edota horia eta tipulina. Aldiz, eskarola edota bruselaza landatzeko garaia atzean geratu da. Brokoli, azalora, lonbarda edota romaneskuen bigarren txanda (udaberri bukaerarako prest egongo dena) laster hasiko da.
Kanpokoen artean baba berria ikusi genuen, Murtziatik ekarria. Tuterako orburuak izotzekin sufritu izana ere nabarmen zuten, salduenak atzo Murtziakoak izan ziren (5 eta 6 euro artean dozena).