«Hobetzen jarraitzen badut, profesional mailara iristeko aukera asko dut»
Xabier Gorospe (Arama, 1997) bere aitonaren eta aitaren eskutik hasi zen golfean, 3 urte besterik ez zituenean. 2013an Madrilgo Blume egoitzara joateko beka bat lortu zuen eta iaz Espainiako 18 urte azpikoen nazioarteko txapelketa irabazi zuen. Gainera, Gipuzkoako Kirolak sariketako hautatuetako bat izan zen. Sariketa hori Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du, urteko kirolari onena saritzeko. Nolatan hasi zinen golfean jokatzen? Aitona eta aita golfean jokatzen hasi ziren eta ni ere beraiekin joaten hasi nintzen. Aita Donostiara joaten zen, Basozabal zelaira, eta ikastaro batean izena eman nuen. Zenbat urterekin hartu zenuen lehenengoz golfeko makila eskuartean? 3 urte nituela uste dut. Etxean gordeta dut makil hura. Zer dela eta iruditu zitzaizun erakargarria golfa? Lehenengo txapelketak umetan irabazi nituen eta ilusio handia egin zidan. Horrek jarraitzeko gogoa eman zidan. Pixkanaka mundu honetan sartu nintzen. Zer esango zenioke jendeari golfa probatu dezan? Kirol berezia da. Gorputzak ez du esfortzu handirik egin behar. Futbola edo saskibaloia fisikoki gogorrak dira eta golfean, berriz, esfortzu mentala egin behar da. Merezi du probatzeak. Teknika ona behar da. Hala da. Eta teknika lantzeko modu bakarra jokatzea da. Ordu asko sartu behar dira. Hori da gogorrena. Izan ere, futbolean lagunekin aritzen zara, baina golfean bakarrik aritu behar da. Entrenatzaile baten [...]
Xabier Gorospe (Arama, 1997) bere aitonaren eta aitaren eskutik hasi zen golfean, 3 urte besterik ez zituenean. 2013an Madrilgo Blume egoitzara joateko beka bat lortu zuen eta iaz Espainiako 18 urte azpikoen nazioarteko txapelketa irabazi zuen. Gainera, Gipuzkoako Kirolak sariketako hautatuetako bat izan zen. Sariketa hori Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du, urteko kirolari onena saritzeko.
Nolatan hasi zinen golfean jokatzen?
Aitona eta aita golfean jokatzen hasi ziren eta ni ere beraiekin joaten hasi nintzen. Aita Donostiara joaten zen, Basozabal zelaira, eta ikastaro batean izena eman nuen.
Zenbat urterekin hartu zenuen lehenengoz golfeko makila eskuartean?
3 urte nituela uste dut. Etxean gordeta dut makil hura.
Zer dela eta iruditu zitzaizun erakargarria golfa?
Lehenengo txapelketak umetan irabazi nituen eta ilusio handia egin zidan. Horrek jarraitzeko gogoa eman zidan. Pixkanaka mundu honetan sartu nintzen.
Zer esango zenioke jendeari golfa probatu dezan?
Kirol berezia da. Gorputzak ez du esfortzu handirik egin behar. Futbola edo saskibaloia fisikoki gogorrak dira eta golfean, berriz, esfortzu mentala egin behar da. Merezi du probatzeak.
Teknika ona behar da.
Hala da. Eta teknika lantzeko modu bakarra jokatzea da. Ordu asko sartu behar dira. Hori da gogorrena. Izan ere, futbolean lagunekin aritzen zara, baina golfean bakarrik aritu behar da. Entrenatzaile baten laguntza oso garrantzitsua da.
Zeintzuk dira orain arte irabazi dituzun lehiaketa garrantzitsuenak?
Garrantzitsuena Espainiako 18 urte azpiko nazioarteko txapelketa da. Izan ere, Europako txapelketan parte hartu zuten ingeles eta alemaniar batzuen aurka aritu nintzen. Espainiako onenek ere parte hartu zuten. Txapelketa hau irabaztea oso pozgarria izan zen, gauzak ondo egiten ari naizela esan nahi baitu.
Europako txapelketan ere parte hartu al zenuen?
Uda hasieran izan zen, Oslon (Norvegian), eta Espainiako federazioa ordezkatu nuen. 16 taldek parte hartu genuen eta bosgarren gelditu ginen. Bigarren kanporaketa Ingalaterraren aurka jokatu genuen. Faboritoak ziren, baina puntu bakarragatik galdu genuen. Bosgarren posturako jokatu genituen bi kanporaketak erraz irabazi genituen.
Golfari esker mundua ezagutzen ari zara.
Espainiako federazioa ordezkatuz jokatzen diren txapelketak Europa mailakoak izaten dira. Oraingoz ondo ari naiz, baina lanean jarraitu beharra dago halako aukera gehiago izateko.
Zeintzuk dira zure erronkak 2015erako?
Ez da erraza 2015erako erronkak jartzea. Izan ere, nagusien aurka lehiatzeko pausoak ematen ari naiz. Ez diot neure buruari helburu zehatzik jarri nahi. Helburu nagusia hobetzen jarraitzea da, horrek gauzak ondo egiten ari naizela esango baitu. Nire ametsa Amerikako Estatu Batuetako US Amateur lehiaketan parte hartzea da. Horretarako, mundu mailako 50 amateur onenen artean egon behar da eta ni 360. postuan nago. Hobetzeko lan egingo dut eta, zortea baldin badut, txapelketa horretan parte hartzea espero dut.
Epe luzera, zure burua profesionalen artean ikusten al duzu?
Ondo bidean, bai. Hobetzen jarraitzen badut, profesional mailara iristeko aukera asko dut. Baina profesionala izatea gauza bat da eta zirkuituetan parte hartzea eta golfetik bizitzea beste bat. Hori dela eta, oraingoz nahiago dut horretan ez pentsatu. Garrantzitsuena amateur mailan ondo aritzea da. Gero, ondo lan eginez gero, helduko da heldu beharrekoa.
Aukeran, zein txapelketatan parte hartzea gustatuko litzaizuke?
Golfean jokatzen dugun guztion ametsa lau handietako batean parte hartzea da. Bi txapelketa garrantzitsuenak Augustakoa eta British Open delakoa dira. Nik, aukeran, Augustakoa nahiago dut. Izan ere, urtero zelai berean jokatzen da eta xarma berezia du: AEBetan da, giroa oso berezia da… British Open txapelketa, berriz, klasiko bat da.
Egun Madrilgo Blume egoitzan bizi zara.
Hala da. Beka bat eman zidaten hara joateko. Bekari esker, egunero golfean aritzeko aukera dut, Espainiako federazioko prestatzaileekin. Horri esker, asko ari naiz hobetzen, nahiz eta egunerokoa gogorra den.
Zenbat denbora eman behar duzu bertan?
Batxilergoa egiteko beka eman zidaten, baina oso gustura nago eta datorren urterako ere beka eskatu behar dut.
Madrilen egingo dituzu ikasketak, beraz.
Bai. Soin Hezkuntza ikasi nahi dut.