Datuak trukatzeko hitzarmena sinatu dute Beasaingo Udalak eta Jaurlaritzak
Informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri eskaintzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Beasaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Hala, bi erakundeek komunean behar duten informazioa eta zerbitzuak partekatuko dituzte.
Hitzarmen honen bidez, «herritarrei datu ziurtapenak eskatu beharrik gabe egingo dira izapide administratiboak. Beraz, herritarrek dagoeneko Administrazio Publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez emateko daukaten eskubidea» bermatuko dute, udalak azaldu duenez. Lau urteko iraunaldia du hitzarmenak, baina urtez urte luza daiteke modu automatikoan, gehienez ere 15 urtez, eta ez du koste ekonomikorik izango.
Udaletik jakinarazi dutenez, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea da hitzarmenaren helburua, «herritarrak erakunde batetik bestera eta erakunde bat baino gehiagotan eskariak aurkezten ez ibiltzeko. Gardentasuna eta erraztasuna» emango zaie herritarrei hitzarmen honekin. Erakundeek modu eraginkorragoan erantzun ahalko dute lankidetza honi esker.