Idiazabalgo 35. Herri Krosarekin hasiko dituzte San Blas jaiak asteburuan
Igandean egingo dute krosa, eta oraindik irekita dago bertan izena emateko epea. Ostiralera arte, www.kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena. Dortsalak, berriz, igandean bertan jaso daitezke Idiazabalgo plazan, 11:30 aurretik.
Kategoriaren arabera aterako dira korrikalariak. 10:45ean neska mutil alebin eta infantilen txanda izango da. Alebinek 1.100 metro egin beharko dituzte, eta, infantilek, 1.600. Kadeteak, helduak eta beteranoak, berriz, 12:00etan aterako dira. Kadeteek 3.525 metro egingo dituzte, eta heldu eta beteranoek dezente gehiago: 10.245 metro.
Txistularien alardea eta danborrada. Kirolak bakarrik ez, musikak ere izango du tartea jaien lehen asteburuan. Larunbatean herri txistulari ohiek kalejira egingo dute plazatik kiroldegira. Hainbat entsegu egin dituzte azken asteetan. Kiroldegian, berriz, beste hainbat txistularirekin elkartuko dira, Txistularien Alardean parte hartzeko. 20:00etan izango da alardea. Igandean, bestalde, herriko haurren danborrada izango da, 17:00etan.
Gure Esku Dago-ren aurkezpena. Jaietako egitarauaren barruan, Gure Esku Dago-k Erabakia ehuntzen ekimenaren aurkezpena egingo du larunbatean Idiazabalgo Guraso Elkartean, 11:30ean. Zelai Nikolas gonbidatu dute, eta ekitaldiaz gain, 2015erako erronkak ere azalduko dituzte.
EGITARAUA:
Larunbata:
11:30. Erabakia ehuntzen ekitaldiaren aurkezpena, Guraso Elkartean.
17:30. Nesken areto futboleko txapelketa triangeluarra.
19:30. Txistulari ohien kalejira, plazatik kiroldegira.
20:00. Txistularien alardea, Zelaako kiroldegian.
Igandea:
10:45. Idiazabalgo 35. Herri Krosa.
17:00. Haurren danborrada.
18:30. Herriko futbito txapelketako finalerdiak.