Herri osasuntsua lortzeko elkarlanean
Udaleko ordezkariak, herriko ikastetxeetakoak, gaztelekuko kideak, gizarte hezitzailea eta herriko beste hainbat eragile Beasaingo Osasun Zentroan biltzen dira urtean hiru bat aldiz. Helburua? Herritarren osasun ohiturez hausnartu eta elkarlanean aurrera eraman ditzaketen dinamikak aztertzea. Duela hiru urte osatu zuten Osasun Foroa, eta gutxika bada ere, aurrerapausoak ematen ari dira. Justo Mujika osasun zentroko medikua Osasun Foroko kidea da, eta gustura dago herriko eragileekin lortutako elkarlanarekin. «Medikuok bakarrik ezin dugu dena egin; bizi ohitura osasuntsuak bultzatu nahi baditugu, ezinbestekoa da herritarren parte hartzea». Mujikaren esanetan, prebentzioari begira egiten dute lan foroan: «Medikuok ohituta gaude gaixotasunekin lan egiten, baina gure erronka prebentzioa ere gure lanean barneratzea da». Prebentzioari begira, gizartean bizi ohitura osasuntsuak barneratzea ezinbestekoa da, eta norabide horretan jartzen dituzte ahaleginak foroan parte hartzen duten eragileek. Elikaduraz, kirolaz, tabakoaz eta sexualitateaz aritzen dira, besteak beste. Eta helburua gizartearen bizi ohiturak hobetzea bada ere, gazteengan jartzen dute arreta handiena. «Prebentzioa lantzeko hasiera hasieratik hasi behar da lanean: haur eta gazteekin», esan du Mujikak. Ikastetxeekin lanean Hain zuzen ere, Beasaingo ikastetxeen eta Osasun Zentroaren artean lortutako elkarlana da foro honen emaitza nabarmenetako bat. Iaz Osasun Zentroko medikuek lehen sorospen ikastaroa eman zieten ikasle eta irakasleei, eta aurten errepikatzeko asmoa dute. «Ekintza hori finkatzen saiatuko [...]
Udaleko ordezkariak, herriko ikastetxeetakoak, gaztelekuko kideak, gizarte hezitzailea eta herriko beste hainbat eragile Beasaingo Osasun Zentroan biltzen dira urtean hiru bat aldiz. Helburua? Herritarren osasun ohiturez hausnartu eta elkarlanean aurrera eraman ditzaketen dinamikak aztertzea. Duela hiru urte osatu zuten Osasun Foroa, eta gutxika bada ere, aurrerapausoak ematen ari dira.
Justo Mujika osasun zentroko medikua Osasun Foroko kidea da, eta gustura dago herriko eragileekin lortutako elkarlanarekin. «Medikuok bakarrik ezin dugu dena egin; bizi ohitura osasuntsuak bultzatu nahi baditugu, ezinbestekoa da herritarren parte hartzea». Mujikaren esanetan, prebentzioari begira egiten dute lan foroan: «Medikuok ohituta gaude gaixotasunekin lan egiten, baina gure erronka prebentzioa ere gure lanean barneratzea da».
Prebentzioari begira, gizartean bizi ohitura osasuntsuak barneratzea ezinbestekoa da, eta norabide horretan jartzen dituzte ahaleginak foroan parte hartzen duten eragileek. Elikaduraz, kirolaz, tabakoaz eta sexualitateaz aritzen dira, besteak beste. Eta helburua gizartearen bizi ohiturak hobetzea bada ere, gazteengan jartzen dute arreta handiena. «Prebentzioa lantzeko hasiera hasieratik hasi behar da lanean: haur eta gazteekin», esan du Mujikak.
Ikastetxeekin lanean
Hain zuzen ere, Beasaingo ikastetxeen eta Osasun Zentroaren artean lortutako elkarlana da foro honen emaitza nabarmenetako bat. Iaz Osasun Zentroko medikuek lehen sorospen ikastaroa eman zieten ikasle eta irakasleei, eta aurten errepikatzeko asmoa dute. «Ekintza hori finkatzen saiatuko gara, urtero 3. DBH-ko ikasleekin edo egiteko», esan du Mujikak. Horrez gain, nutrizio tailerra ere egiten dute ikasleei elikadura ohitura osasuntsuak irakasteko.
Argi dago gazteak direla Osasun Foroaren kezka nagusia, eta astelehenean izan zuten bileran ere haiek izan zituzten hizpide. Izan ere, San Bosko eguna ospatuko dute gazteek datorren astean. «Eragile ezberdinek zer egin dezakegun aztertu dugu bileran, elkarren lana ez oztopatzeko, eta bata bestearen osagarri izateko», esan du Mujikak.
San Bosko egunari begira, alkohola da Osasun Foroko kideen kezka nagusia. Mujikaren hitzetan, beharrezkoa da sentsibilizazioan lan egitea, gazteak gero eta lehenago hasten baitira edaten. «Alkohola arazo larria da, gizartean oso onartuta dagoelako». Udaltzainek, esaterako, hitzalditxo bat egingo diete ikasleei alkoholarekin hartu beharreko neurriez.
Dena den, Mujikaren esanetan, gazteek bizi ohitura osasuntsuak barnera ditzaten ez da nahikoa ikastetxean gaia lantzea. «Etxean egin behar da lan, gazteek etxean ikusten dutena egiten dutelako». Horregatik, gazteak bakarrik ez, helduak bizimodu osasuntsuaren onurez ohartaraztea ere garrantzitsua dela uste du.
Herritarren konpromisoa
Osasun Foroan herriko eragileek herritarrei begira egin dezaketen lanaz aritzen dira, batez ere. Herritarrek eurek konpromisoak hartzea ere beharrezkoa ikusten du, ordea, Mujikak. Horretarako, bizi ohituren inguruko inkesta bat prestatu zuten duela hiru urte. Oinarrizko galderak egiten dira inkestan: egunean zenbat fruta eta barazki jaten duten, zenbat kirol egiten duten, erretzen duten ala ez, zenbat alkohol kontsumitzen duten eta halakoak.
Denbora tarte honetan Beasaingo ikasleek, hainbat enpresatako langileek eta herritarren %40ak erantzun dute inkesta. Behin inkesta erantzunda, emaitzak pazienteen historian sartzen dira automatikoki. Hala, paziente horiek beste arrazoi batengatik kontsultara joaten direnean, medikuak eskura du bere bizi ohituren inguruko inkesta, eta, beharrezkoa bada, aholkuak ematen dizkio. «Esaterako, ikusten badugu kirol gutxi egiten duela, nahiz eta gripe batengatik etorri kontsultara, gaia ateratzen diogu», azaldu du Mujikak.
Medikuaren eta pazientearen artean plangintza bat adosten dute arazoari aurre egiteko. Adibidez, astean kirola zenbatetan egingo duen adosten dute, eta gero jarraipena egiten zaio pazienteari, plangintza betetzen duen ikusteko. «Aholku hutsean ez geratzea eta pazienteak konpromisoa hartzea da helburua».
Gutxika-gutxika bizi ohitura osasuntsuak barneratzeko eginahaletan ari dira, hortaz, Beasaingo gizarte eragileak, Osasun Zentroa, baita herritarrak eurak ere, bakoitzak bere bizimodua aldatzeko hartzen duen konpromisoarekin. Izan ere, «gaurko prebentzioak biharko gaixotasunak gutxitzeko balioko du», Mujikaren hitzetan.