Gutun bat bidali dute etxe guztietara erabakiaren berri emateko. Udalak musika eskola irekitzen denean eta ondoko etxebizitza eraikina egiten dutenean txikizioak bukatzea espero du
Parkea ireki zenetik egon diren txikizioak direla eta, Legazpiko Udalak Agirre-Etxeberri etxea eta goialdeko parkea hesitzea erabaki du. Musika eskolako eta ondoko etxebizitza eraikineko obrak egiten direnean txikiziorik ez egotea espero du.
Udalak gutun bat bidali du etxe guztietara, erabakiaren berri emanez. Hartu nahi ez zuen erabakia hartu behar izan duela dio. «Ateak ireki zituenetik, hamaika sarraski izan dira Agirre Etxeberri parkean. Zaborrontziak txikitu, Urola kalerantz ematen duen ate baten sarraila puskatu, pintaketak egin, frutak jaurti eta hormak zikindu, bizikletekin belarrean arrastoak egin, egurrezko atea txikitu eta harrika leihoak eta beirateak puskatu dituzte, besteak beste».
Hartutako neurriak
Oharrak bidali dituzte eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak zaintza areagotu dute, baina hartutako neurriek ez dute nahi zen emaitza eman. «Urteko azken egunetan, bestelako gehiegikeriez gain, sua egin zuten eraikinaren txoko batean eta etxea bera arriskuan jarri zuten».
Hala, udalak nahi ez zuen erabakia hartu behar izan du. «Udalak gogo onez ireki zituen bere garaian parkearen ateak, guztion erabilerarako gune publikoa dela uste baitu. Batzuk eremu horretan kalteak eragitearekin tematuta daudela ikusita, eta arriskuak eta gastuak saihestearren, erabaki gogorra hartu du. Eraikin ingurua itxita egongo da eta Urola kaleko sarbidea bakarrik egongo da irekita. Ez da gustuz hartutako erabakia, baina horixe da irtenbide bakarra. Gutxi batzuen gizalegerik ezak eragindako neurria da. Tamalez, herritar guztioi eragiten diguna».
Udal ordezkariek urte berriak jarrera aldaketak ekartzea espero du. «Udaltzainek ez dute gauez lan egiten eta ertzainei inguru hori zaintzeko eskatu genien, baina ezin da pertsona bat egun osoa bertan eduki. Obrak bukatzen direnean, egoera ezberdina izango da. Ondoko erakinean jendea biziko da eta musika eskolan egun osoan zabalik egongo da. Normaltasuna nagusi izatea espero dugu», esan du Rakel Puente zinegotziak.