Bildurekin hainbat bilera egin ondoren, koalizioak beraien eskaera batzuk ez dituela kontuan hartu esan dute
Beasaingo Udalak aurtengorako zehaztuko duen aurrekontuaren aurrean beraien postura azaldu nahi izan dute bi alderdietako ordezkariek, eta ostegunean egingo duten osoko bilkuran “abstenitu” egingo direla aurreratu dute. Udal aurrekontuak prestatzeko hainbat bilera egin ditu EAJk eta H1!ek Bildurekin, baina bi alderiek koalizioari egindako eskaera guztiak ez dituztela onartu esan dute, eta horregatik ez dute aldeko botoa emango etzi. Hala ere, ez dute oztoporik jarriko, “aurrekontuak herri baten garapean ezinbestekoak direlako”.
Aitor Aldasoro EAJko zinegotziak esan duenez, “Beasainek aurrekontuak izan ditzan” ahalbidetuko dute, “orain arte legegintzaldi guztian” egin duten moduan.
Proiektuetan desadostasunak
Beasaingo Udaleko gobernu taldeak 2015erako prestatu duen aurrekontuarekin hainbat desadostasun dituzte EAJk eta H1!ek eta horien adibideak eman ditu Aldasorok. Azaldu duenez, gizarte larrialdietara bideratuko den diru kopurua nahi baino txikiagoa izango da, etxe hutsak sustatzeko laguntza proposamena ez diete onartu, eta baratze sozialak Ittolan egitearekin ez daude ados.
Aldasorok azaldu duenez, ordea, hauek dira egungo gobernu taldeak EAJ eta H1! alderdiek egindako proposamenetatik 2015eko aurrekontuetan sartuko diren proiektuak: Lehen Aukera programara laguntzak bideratzea, euskara sustatzeko bi proiekturi laguntza ematea, Dolarea parkea estaltzeko proiektua egiteko dirua aurreikustea eta Joan Iturralde kaleko garaje batzuetan dauden itokin arazoak konpontzeko aurreikusten ekonomiko bat egitea.