Roman Elosegik eta Aurtenetxek idi apustua egingo dute igandean, Azkoitian
Roman Elosegi ‘Zaharra’ idizale zaldibiarrak 6.000 euroko idi dema apustua egingo du, igandean, Egoitz Aurtenetxe bizkaitarraren idien aurka. Azkoitiko (Gipuzkoa) Gurea probalekuan izango da dema, 18:00etan hasita. Sarrerak Zaldibiako Joxepanen dira salgai.
‘Sanders’ izeneko harria erabiliko dute, bakoitzak 30 minutuko lanean. Elosegi bigarren txandan ariko da. 12 urtean geldirik egon da harri hori, bi mila kilo ingurukoa. Azkoitiko hiru proba-harri ospetsuetako bat da, ‘Taloa’ eta ‘Ipintza’-rekin batera.
Elosegiren itzainak Asier Izagirre’ Ipiñarrieta’ urretxuarra eta Inaxio Telleria lasartearra izango dira. Aurtenetxek, Bizkaiko edozein bi itzain erabili ahalko ditu, libre.
Hain justu, Aurtenetxerenak kintopeko idiak dira. Urtarrilaren 12an egin zuten debuta, Loiun (Bizkaia). Elosegiren idiak 2014an izan dira kintopekoak (debuta egindako urteari esaten zaio hala). Iaz 11 manta pare irabazi zituzten. Aurten ere lehenengo garaipena lortu dute dagoeneko zaldibiarraren idiek: Debako Eguberrietako 39. Idi Probak irabazi zituzten, urtarrilaren 7an.