Goierriko turismo eskaintza, Madrilgo Fitur azokan
Gaur hasi eta igandera bitartean, Fitur nazioarteko turismo azoka egiten ari dira Madrilen (Espainia). Goierriko turismo eskaintzak bere tokia izango du, aurten ere, azoka honetan, Goitur agentziaren bitartez. Euskadiko stand-a 3 sailetan banatuta egongo da: hiriburuak, touring-a eta gastronomia; eta Goierrik, hiru arlo horietan izango du presentzia.
Hiriburuei dagokionean, Donostia Turismoko bazkide da Goitur, eta haren aukera turistikoaren barne agertzen da Goierrikoa ere. Touring arloak, egin daitezkeen ibilbideen eta bertako destinoen inguruko informazioa eskaintzen du; eta tartean dira eskualdeko jatetxe, alojamendu, museo eta abarren inguruko informazioa jasotzen duen Goierri-Tolosaldea gida eta mapa turistikoa. Azkenik, gastronomia arloari dagokionean, Goierri Gastronomika egitasmoaren inguruko informazio osoa aurki daiteke stand-ean.