Korrikaren nondik norakoak ezagutarazko dituzte eta, ondoren, batzordeak sortu.
Korrika 19 antolatzeko aurkezpenak egiten ari da AEK Goierriko herrietan. Korrikaren gaineko xehetasunak eman eta batzordeak sortuko dituzte. Hauexek dira hurrengo hitzorduak:
- Ordizia. Bihar, osteguna, 18:00etan Barrenako Ortzadar gelan.
- Gabiria. Etzi, ostirala, 18:00etan Kultur Etxean.
- Lazkao. Otsailaren 2an, astelehenean, 18:00etan udaletxean.
- Zegama. Otsailaren 2an, astelehenean, 19:15ean Kultur Etxean.
- Beasain. Otsailaren 3an, asteartea, 17:30ean udaletxeko batzar aretoan.
- Ormaiztegi. Otsailaren 4an, asteazkenean, 18:00etan udaletxean.
2015eko martxoaren 19an Urepeletik (Lapurdi) abiatuko da 19. Korrika eta, Euskal Herria zeharkatu ondoren, martxoaren 29an iritsiko da bilbora. Martxoaren 22tik 23rako gauen pasako da
Goierritik, gauez.
Aurtengo Korrikak “euskahalduntzeko” gonbitea luzatuko du jendartera. “Jakin badakigu, Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi behar dugula. Aldi berean, euskararen eta euskalgintzaren egoeraz ahaldundu. Helburua lortzeko denon ahalegin pertsonalak auzolanean elkartuta indarrak biderkatuko ditugu”, diote Goierriko AEK-ko arduradunek.
Korrikan parte hartzeko moduak askotarikoak direla diote arduradunek. Herrietan egingo diren lehen batzarretan egitasmoaren nondik norakoak emango dituzte, eta horrela nahi izanez gero, herrirako bestelako ekitaldiak proposatzeko aukera ere izango da. “Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berak gure ekarpenak egiteko, eta horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezen eskatzen dizugu. Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu, gero, zure ekarpena zein izan daitekeen; eta inolako aukerarik izango ez bazenu ere, Korrika gure herrian izango dela ezagut eta zabal dezazun da gure nahia”.