Angel Hurtado pilota epaile urretxuarrak iaz hartu zuen erretiroa, ia 40 urte lan horretan jardun ondoren. Goierri kirol elkarteak omenaldia eskaini zion Gabon Kopa txapelketako finaletan. Nolatan hasi zinen pilotan
Angel Hurtado pilota epaile urretxuarrak iaz hartu zuen erretiroa, ia 40 urte lan horretan jardun ondoren. Goierri kirol elkarteak omenaldia eskaini zion Gabon Kopa txapelketako finaletan.
Nolatan hasi zinen pilotan jokatzen?
Urretxuko elizako arkupean zaletu nintzen. Garai hartan mutiko guztiok pilotan jokatzen genuen, kirolik merkeena baitzen. Amari kendutako artilearekin eta Oñatibia doktoreak emandako esparatrapuarekin egiten genituen pilotak.
Gainera, zure aita Ederrena zaharreko arduraduna izan zen.
Aita ezindua zegoen eta pilotalekuaz arduratzea eskaini zioten nik 15 bat urte nituenean. Hamar bat urte eman zituen lan horretan. Bera hil zenean, utzi egin genuen. Aita zenari lan horrek mesede handia egin zion, eguna betetzen laguntzen baitzion. Ordu asko ematen zituen pilotalekuan eta jende asko gogoratzen da oraindik Hurtado jaunaz.
Aitaren lanari esker, zure zaletasun kuttuna lantzeko aukera izan zenuen.
Lanetik irten bezain laster, pilotalekura joaten nintzen. Gazte mailan Bergarako txapelketa irabazi nuen, baina handik urte gutxira pilota utzi behar izan nuen: inork ez zidan jokatzen eta takoak jartzen irakatsi eta eskuak izorratu nituen. Ondoren, futbolean jokatu nuen. Baina pilotak pilotalekuan egiten duen soinua bezalakorik ez dago.
Nolako jokalaria zinen?
Bihurria. Herriarteko lehen txapelketan Urretxu txapeldunordea izan zen eta talde hartan ordezkoa nintzen.
Nolatan hasi zinen epaile lanetan?
Urretxun jokatzen ziren partidetan, epaile nagusia Inazio Bengoetxea zen eta aurrean Manolo Bermejo jartzen zen. Beti Ederrena pilotalekuan nengoenez, atzean jartzeko esaten zidaten, pasa zaintzeko. Bengoetxeak erretiroa hartu zuenean, Bermejo erdira pasa zen eta ni aurrera. Garai hartan epaileok ez geunden federatuta. Pilota gustatzen zitzaigulako, lagundu egiten genuen.
Zeintzuk dira epaile on batek behar dituen dohainak?
Lehenik eta behin, arautegia ondo ezagutu behar du. Hala ere, ez da lan erraza, erabakia segundo hamarrenetan hartu behar baita. Zalantza izanez gero, jokatzen jarraitzen utzi behar da.
Ez dirudi lan atsegina: ondo egiten duzuenean inor ez da zuetaz gogoratzen eta gaizki egiten duzuenean, berriz, denen ahotan egoten zarete.
Urte hauetan guztietan, denetik ikusi dut. Behin, Eibarren, partida bi ordu luzatu zen. Atzelarietako bat Joxe Mari Zezeaga zen eta duela gutxi Zumarragako pilotalekuan ikusi nuen. Partida hartaz hitz egin nion eta berak ere gogoratzen zuen. Berak barre egin zuen eta ogitartekorik jan gabe eta zahatotik edan gabe utzi ninduela aurpegiratu nion, txantxetan.
Istiluren bat ere izango zenuen…
Beste behin, hau ere Eibarren, Oskar Lasa erabat haserre gerturatu zitzaidan, besoak altxatuta. Fernando Arretxe etorri zen niri laguntzera. Oskar, zertara etorri gara, epaileekin eztabaidatzera ala pilotan jokatzera?, esan zion. Lasarekin beste pasadizo bat ere badut. Partida batean Mikel Goñik zazpi minutu eta erdi eman zituen aldagelan, orkatilean mina zuelako. 21 eta 20 zihoazenean berriro sartu zen aldagelara, orkatilaren aitzakiarekin. Baina lehertuta zegoelako sartu zen. Bere atzetik joan nintzen eta nire atzetik Lasa etorri zen. Biraoka hasi zen eta Antxon Maiz intendenteak alde egin zuen. Lasarekin utzi ninduen. Kantxara itzultzeko esan behar izan nion.
Lasa beldurgarria zela dirudi.
Ez, ez… Pilota kirol garbia da. Aurkariak pilotari jo diezaion baztertu beharra dagoela ikustea besterik ez dago. Futbolean, ordea, ostikadak ematen dizkiote elkarri.
Dena den, azkenaldian pilotalekuetan ere gauza itsusiak ikusi ditugu.
Bai, baina pilota gainontzeko kirolak baino garbiagoa da. Kirol hau Amerikako Estatu Batuetan asmatu izan balute, munduan nagusi izango izango zen. Pilotan gorputzeko atal guztiek lan egiten dute.
Zein duzu pilotaleku kuttuna?
Atano, Astelena, Bergarakoa… Urretxukoa ere oso ondo dago. Pilotalekuaz eta pilotari gazteez arduratzen direnek monumentua merezi dute.
Zer diozu Ederrena zaharraz?
Historia handia zuen. Ez bakarrik pilotagatik. Izan ere, garai hartan ekitaldi guztiak pilotalekuan egiten ziren. Ez zegoen kiroldegirik, Golden-ik, Tiffany’s-ik… Dantzaldiak, borroka librea, boxeoa, antzerkia… pilotalekuan egiten ziren. Gure bigarren etxea zen.
The post
«Pilota AEBtan asmatu izan balute, munduan nagusi izango zen» appeared first on
Otamotz.