Goierri kalea eta Urdanetaren arteko desnibela gainditzeaz gain, Udalak 21 Poligonoa biziberritzeko ahalegin berezia egingo du.
Gaur goizean iragarri dute Igor Eguren alkateak eta Iban Asenjo Garapen Iraunkor eta Mugikortasuneko zinegotziak prentsaurrean datorren astean hasiko dela 21 Poligonoan igogailua egiteko lizitazio prozesua. Irisgarritasunari eta mugikortasunari dagokionez, aurtengo proiektu garrantzitsuenetako bat izango da. 2013an osatu zuten Mugikortasun Planean finkatu zuten oinezkoei lehentasuna ematea, herri osoa aztertuta hobetu beharreko bi puntu ikusi zituzten: Altamiran bata, eta Goierri eta Urdaneta kalearen arteko desnibela, bestea.
Egurenek azaldu du aurreko legegintzaldian aurreikusi zela Joseba Rezolatik Kale Nagusirainoko desnibel horri irtenbidea jartzea. Duela lau urte, baina, proiektua gauzatzeko lehen proposamena egin zutenean desadostasun handia sumatu zutela zioen. “Azterketak eta denborak erakutsi du egin beharreko proiektua dela”, esan du.
Behin kokapena erabakita duela urtebete ekin zion Udalak proiektua gauzatzeko lehen pausoak emateari. Joan zen urrian jaso zuten igogailua egiteko aurreproiektuaren moldaketa eta aurrekontua. Edonola ere, proiektua jabekideekin “ondo aztertu” arte ez dutela martxan jarri nahi izan esan du alkateak. “Agintaldiaren hasieran egin genituen lehen bilerak, eta proiektua garatu eta gero, urtarrilaren 19an egin dugu azken bilera. Jabekideei proiektuarekiko zituzten zalantzak argitu zaizkie, eta udalak harremana mantentzen jarraituko du interesatu guztiekin”, azaldu du.
Lau geldialdi izango ditu igogailuak, Goierri kaletik Urdaneta kaleraino. Leku berean kokatuko den arren, ez da hasierako proiektuak jasotzen zuen eran izango. Irteera Joan Amezketa kalean izan beharrean, igogailua Urdanetaraino iritsiko da, hartara erdibidetik goiko kalerainoko desnibelari ere konponbidea jarriko diote. Lehen geldialdia edo sarrera 21-P eraikineko behe solairuan izango du, poligonoak dituen bi altuerak, eta laugarren geraldia Urdaneta kalean Torresoleko kanpoko terrazan. 21-Pko ordutegiaren arabera izango da erabilgarri igogailua ere, zortzi petsonentzako tokia izango du.
Eremua biziberritzeko egitasmoa
Udalak eskuartean duen proiektua”herritar guztien onurarako” izango dela azpimarratu nahi izan du Egurenek. Asmoa ez da eraikin bat biziberritzeko igogailu bat jartzea, baina egia dena da erakina bera hobetu egingo duela irigarritasun oztopoak konponduko dituelako. Biziberritze hori ez da horretan soilik geldituko, Udalak eremuari indarra emateko beste egitasmo bat ere baduelako martxan. Hala, 2013 eta 2014 urteetan auzoetako beharrak asetzeko eta herriguneko zenbait lokal komertzial itxi merkaturatzeko martxan jarri zuten Ordizia Zabalik diru-laguntza programa errepikatuko dute arten ere udaberrian.
21-Pko jabekideei jakinarazi zaie espreski laguntzaren parte bat eremu horretara bideratuko dela. Eraikina egin zenetik egoera bestelakoa da gaur egun. Garai batean osorik beteta zegoen eta gaur egun hainbat lokal hutsik daude. Horregatik, aurreko urteetan erdigunera eta inguruetara bideratu duten bezala, aurten poligonoan “ahalegin berezia” egingo du Udalak, “ea eraberritzea lortzen dugun; bertan martxan dauden zerbitzu eta negozioei ere mesede egingo dielakoan gaude”.