Negu giroan eta etor litekeenarekin erne somatu ditugu baserritarrak. Otsailari aurre hartuta, San Blas opilak ekarri ditu Maite Iturbek; Patxi Izagirreri, berriz, lehen marrubi landareak ikusi dizkiogu bere postuan.
Eguraldiaren iragarpenek negu giro betea agintzen dute, eta hotza eta elur kontuak ahoz aho zebiltzan atzo, urtarrileko azken ferian. Urteko denboraldien eta urtaroen lekuko baita Ordiziako azoka. Horretan erreparatu nahi duenak, berehala antzemango dio ikasleku bikaina dela, unean uneko eta garaian garaiko marka ugari agertzen baitira astez aste.
Urte guztian denetarik saldu ohi duen saltzailerik ere bada, izan etxeko nahiz kanpoko, beraiek diotenez, «bezeroak hala eskatuta». Beraz, garbi dago azken hitza nork duen. Kontuak kontu, hil beltza jasatzen ari diren hainbat barazkik bere marka badute: azelga edo zerba, borraja, tuterako orburu…
Eta iragarpen moduan, jaki gozagarriak ere aurkitu ditugu otsailaren 3aren aurreko azoka honetan: Maite Iturbek (Udanako Ogia) San Blas opilak ekarri zituen, urteroko moduan (bakoitza 1,50 euroan bakoitza salgai). «Oso momentuko kontua da, baina ondo saltzen da». Bergara eta Oñati inguruan ohitura gehiago omen dago hauek jateko, eta Iturbek hango okindegi batean galdetu omen zuen errezeta. Ogigintzarako gozogintzarako baina esku hobea duela aitortzen duen arren, erakargarri egiten dira astero haren gutiziak.
Negua aurrera doaneko beste arrastotxo bat, marrubi landareek ekarri digute. «Oraindik txikiak daude, eta hotz honekin kosta egingo zaie indartzea, baina ilusioa egiten du» aitortzen zigun Patxi Izagirre Iparragirrek. Landare bakoitza 0,50 eta 0,60 artean zuen salgai.
Sukalde usain gozoa
Plaza izkinan, eta inguruan zebiltzan guztien gustagarri, sukalde usain gozoa zabaldu zuen Xabier Martinez sukaldariak, eguerdi partean. Izan ere, Hamabi hilabete, hamabi produktu ekimenaren barruan, barazki nahaskia eta porru eta azalora krema prantatu baitzituen; eta ondoren, gerturatzen ziren guztiei probatzen eman.