«Laister gure kantak egiten hasi nahi dugu»
INPERNUKO ZULOTIK - Idiazabalgo musika taldea
Beñat Arribas, Gari Garmendia, Aritz Garmendia, Egoitz Tello eta Julen Barrenetxeak osatzen dute Inpernuko Zulotik musika taldea, eta Idiazabalgo plazan kontzertua eskainiko dute etzi.
Noiz sortu zenuten taldea?
Iazko udatik jotzen dugu elkarrekin. Musika eskolatik hasi ginen, baina txiki geratu zitzaigun, eta gure aldetik jotzen hasi ginen.
Nolako musika jotzen duzue?
Gehienbat 80ko urteetako rock-a jotzen dugu. Oraingoz, beste taldeen bertsioak egiten ditugu: ACDC, Metallica, Bon Joby, Kiss… Laister gure kantak egiten hasi nahi dugu. Hazi egin nahi dugu musikalki, baina horretarako denbora behar da. Denok ikasleak gara, eta azterketek eta halakoek denbora kentzen digute.
Non eta zenbatetik behin egiten dituzue entseguak?
Udalak utzitako lokal batean egiten ditugu entseguak, Osasun Zentroaren azpian. Ez da oso lokal itxurosoa, baina besterik ez dugun bitartean… Asteburuetan biltzen gara, orduan egoten baikara denok libre.
Nondik dator taldearen izena?
Batetik, zulo batean sartuta egiten ditugulako entseguak. Bestetik, gazteok jasaten ditugun bidegabekeriak direla eta, gure bizia infernua dela esaten dugu. Hortik dator izena.
Orain arte non eman dituzue kontzertuak?
Herrian bi aldiz jo dugu: gaztetxean eta Kateko jaietan. Ataunen, Beasainen eta Ordizian ere jo dugu.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Gustura gaude, txukun joan dira. Oraindik nabari zaigu hasi berriak garela, eta bakoitzaren rolak finkatzea falta zaigu, baina gainontzeko taldeei bezala.
Idiazabalgo plazan jotzen duzuen lehen aldia izango da.
Bai, hala da. Gogoz gaude jaietan jotzeko, ea nola ateratzen den. Ordu eta erdi inguruko emanaldia egingo dugu, jendea ez aspertzeko.
Nolako jendea erakartzen duzue?
Gure adinekoak, behintzat, etorriko dira, eta kuadrillakoak ere baietz espero dugu. Bestalde, helduagoak ere animatuko dira, haien garaiko musika jotzen baitugu. Orain arte emandako kontzertuetan, egia esan, adin ezberdinetako jendea ikusi izan dugu.
Aurrerago beste nonbait jotzeko deitu dizuete?
Leku askotatik deitu digute, Ermuatik (Bizkaia), Legorretatik eta Zaldibiatik, adibidez. Guk baietz esan diegu denei, edozein lekutan jotzeko prest gaudelako, baina oraindik ez daukagu data zehatzik.
- Albiste honi lotuta: Idiazabalgo jaiak, 400. urtemuga gogoan