Beasaingo Udalak ia 16 milioi euroko aurrekontua izango du aurten
Bilduren aldeko botoekin onartu dute; EAJ, H1! eta PSE-EE abstenitu egin dira eta PPk kontra egin du
- PP aurka agertu zen, udalaren zorpetze maila (%3,5) kontuan hartuta gastuetan %7,3 gora egitea “beasaindarrentzat kaltegarria” izango dela argudiatuta. Alderdiko Julio Herreros zinegotziaren esanetan, “zorrak eduki behar du lehentasuna”. Horrez gain, euskara sustatzera diru gehiegi bideratu dela esan zuen, eta preso eta iheslarien senideei dirua ematearen aurka agertu zen. Herrerosen ustez, langabeziara diru gehiago bideratu beharko litzateke.
- PSE-EEko bi ordezkariek abstentziora jo zuten. Aurtengoa “aurrekontu planoa” dela argudiatu dute horretarako, eta beraz, ez dagoela zertan aldatu. “Herritarrek bizi kalitate hobea izan dezaten saiatzen gara, eta herria hobetzen”, adierazi zuen Alfonso Segadek. “Gauza txiki handietan dago gure parte hartzea aurrekontu honetan, eta gure ustez beharrezko gauzak biltzen ditu”.
- EAJ eta H1! absetinitu egin ziren. Elkarrekin aritu dira aurrekontuen gaian, eta EAJko Aitor Aldasorok hitz egin zuen bi alderdien izenean, hiru zuzenketa egiteko:
- Herri baratzak egiteko lekuarekin ez daude ados jeltzaleak eta H1! alderdiko Josi Insausti. Proiektua egitearen alde agertu dira, baina aurreikusitako aurrekontua landa lurrean inbertitu beharko litzatekeela uste dute (herri baratzen proiektua Ittolako industriagunean egitea du aurreikusita udalak). Koldo Agirrek erantzun zien: “Aurrekontua onartzen ari gara hemen, gero ikusiko dugu non eta nola landu behar den proiektua. Ez dut ulertzen zuzenketa honekin zer lortu nahi duzuen”. Zuzenketaren alde agertu ziren alderdi guztiak, gobernu taldea izan ezik.
- Etxebizitzen alokairuak: herrian alokairua duten beasaindarrei %10eko laguntza ematea proposatu dute EAJk eta H1!ek eta horretarako diru partida bat bideratzea eskatu zuten. PSE-EE alde agertu zen, “laguntzeko den edozer ona delako”. Gobernu taldeak, ordea, kontra bozkatu zuen, “dagoeneko ASAP programan dauden herritarrek badituztelako laguntzak, eta orain beste laguntza bat emanda alokairu librea dutenak galtzen aterako direlako”. Puntu honek sortu zuen saltsa gehien osoko bilkuran. Alokairurako partida bat onartzekotan, horretarako beharrezko 36.000 euroak nondik kendu beharko liratekeen galdetu zien alkateak jeltzaleei, baina erantzukin ez zuten jaso. “Landu egin beharko genuke”, erantzun zuen Aldasorok. Bildu ez beste alderdi guztien aldeko botoekin onartu zuten zuzenketa atzo, eta beste osoko bilkura batean gaia lantzekotan geratu ziren.
- Sasietaren iragazgaizte lanak: EAJk beste partida bat eskatu zuen Sasietako lanetara bideratzeko, kasu honetan 250.000 euro. Aurreko zuzenketarekin bezala, diru hori nondik eskuratu zehaztu gabe geratu ziren. Hirugarren zuzenketa honetan, ordea, EAJk eta H1!ek ez zuten babesik lortu. Antza, azken orduko aldaketa izan zen, Segaderen arabera “aldaketa handia, eta herritarrengan eragina izan dezakeena”. Horrelako gaiak osoko bilkura hasi baino hiru ordu lehenago ezin direla landu argudiatu zuen, eta kontra bozkatu zuten bi ordezkari sozialistek. Berdin egin zuten gobernu taldeko kide guztiek ere; beraz, zuzenketak ez zuen aurrera egin.