Ibaien maila jeitsi den arren, euria gogotik botako du gaur ere
Alerta eta abisu artean eman zen atzo arratsaldea egun osoan zehar botatako eurijasaren ondoren. Gauez errekak zaintzen eman dute Goierriko hainbat puntutan udal teknikari eta babes zibileko langileek. Oria ibaiak gainezka egin zuen hainbat puntutan, Agauntza ere maila horiraino iritsi zen.
Zumarragan, esate baterako, tren bat errailetatik atera zen euriteen ondorioz eta une batez trenbidea erabat moztuta gelditu zen. Zauriturik ez zen izan behintzat. Udalek neurriak hartu zituzten, hondar poltsak pilatuz adibidez, ibaiak gainezka egingo balu babesarako. Ordiziako Udalak ere alerta laranjako protokoloa jarri zuen martxan. Ia eguerdirako itxi zuten han Mallutz industrialdetik Tximistarako N-I azpitik igarotzen den pasabidea, gainezka egin zuen Oriak azkenean puntu hartan.
Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera gaur euri zaparrada gogorrak izango dira oraindik, kazkabarra ere bai. Elur maila iluntzerako, gainera, 200 metrotan jarri dute. Atzoko dauei dagokionez, Zegamako prezipitazio maila nabarmendu du metereologia agentziak. Egun osoan zehar 122 litro ur pilatu ziren metro karratuan.