Azken errota, urik gabe geldi
Igeribar Errotak Eztanda errekan zeukan presa urak eraman du, Gabirian. Aldaparora ur hornidurarik gabe geratu da, funtzionatu ezinik. 500 urte zeraman martxan errotakAurreko asteko euriteek eta horien ondorioz ibaietan izan den uraldiak, kalte tamalga...
Igeribar Errotak Eztanda errekan zeukan presa urak eraman du, Gabirian. Aldaparora ur hornidurarik gabe geratu da, funtzionatu ezinik. 500 urte zeraman martxan errotak
Aurreko asteko euriteek eta horien ondorioz ibaietan izan den uraldiak, kalte tamalgarri bat utzi dute ondarean, Gabirian. Igeribar Errotak Eztanda errekan zeukan harrizko horma, presa egiteko, urak eraman du. Azpiegitura hori desagertzeak, ordea, hondamen handiago bat ekarri du: 500 urte baino gehiago duen errota geldi geratu da.Aurreko ostiral arratsaldean eraman zuen urak presa, Eztanda erreka gainezka zihoanean. Hormaren inguruan zeuden haltz arbola batzuk sustraietatik atera zituen emariaren indarrak, eta harrizko harlauzak, paretako harri-potorrak eta inguruko euste-horma bat harrotu zituen.
Uraren bulkadak desegin zuen gainerakoa: presa erabat desagertu da, hiru metro altuko ur jausia instant batean irentsiz.
«Izugarrizko desastrea» izan da galera Igeribar errotarentzat, Jose Kruz Baztarrika errotariak azaldu duenez. Gabirian funtzionamenduan zegoen azkeneko errota da, eta Goierriko bakanetakoa. Antzina, Eztanda bailara zortzi errota izatera iritsi zen.
Ibaiaren ibilguan zegoen presa bakarra ere bazen. Arku formakoa zen, borobildua, oso gutxi geratzen dira halakoak. «Beste guztiak 1988ko uholdeen ondoren bota zituzten: komentukoa, Bekoerrotakoa, Aunditegi Errotakoa… Gure presa errota martxan zegoelako utzi zuten zutik. Duela 7-8 urte ere etorri ziren Ur Agentziakoak, botatzeko asmoz», gogoratu du Baztarrikak.
Bestetik, Ur Agentziak erreka bazterretako landaredia mantentzeko politikaren barruan, haltzak botatzea debekatua dauka. Ur-jausien aurkako neurriak ere ugari hartu dira azken urteetan, «amuarrainak errekan igotzea eragozten» dutelakoan. Hainbat eraitsi dituzte Goierrin bertan ere.
500 urte, une batean galdu
Ostiral bazkalondoan errekaren urak «lur kolorez» zihoazela jabetu ziren errotakoak, 15:00ak aldera. Ez zioten arreta gehiago eman. Biharamun goizean, bizilagun batek abisatu zien presa eramana zuela urak.
Errotak adina denbora izango zuela presak dio Baztarrikak. «Bostehun urteko errota, momentu batean ezgauza gelditzea da pena», dio, nahigabetuta.
Gabiriako Igeribar errota 1544tik da jabetza pribatukoa. Lehenago Oñatiko Klaratar mojena zen. Uren aprobetxamendu baimena 2002an berritu zuen Baztarrika, Eztanda errekatik segundoan 113 litro ur hartzeko eskubidearekin. Presa ere jabetza pribatukoa da, errotakoena.
Bien bitartean, errotak ezin du lanik egin. Artoa eta garia xehetzeko harri bana ditu Igeribarrek. Presak sortutako urmaeletik hartzen zuten ura, ubide baten bidez, aldaparora. Errekaren maila uhatea baino pare bat metro beherago gelditu da orain.
Presa berreraiki nahiko luke errotariak. Bi irtenbide ikusten ditu Baztarrikak, galera konpontzeko: errekan atzera horma eraiki, lehengo formarekin eta egiturarekin. Edo aldaparora doan ubidera hodia sartu lurpean, errekan ehun-bat metro goragotik. Zer laguntasun daukaten ere baloratu nahi du.
Ur Agentziakoek egoera aztertu zain daude oraingoz, eta ea zer baimen ematen dioten. Hala ere, errotaren multzo osoa jatorrian bezala izatea komeniko litzatekeela dio, duela bostehun urte —ostiralera arte— sistema hidrauliko osoa zen bezala mantentzeko. Urik gabe ez baitago errotarik, irinik, ogirik, bizirik.













