Legorretak hiribildu denetik 400 urte ospatu ditu
Ekitaldi instituzional batekin ospatu zuten, atzo, Legorretako herritarrek herria udalerri gisa eratu zeneko 400. urteurrena. Udalbatzak ezohiko osoko bilkura berezia egin zuen, udaletxeko lehenengo solairuko atalondoan. Herritar ugari joan ziren. Hiribildu izaera aitortzen duen agiriaren (carta puebla delakoa) kopia horman zintzilikatu zuten, herriko seme kutun Mikel Lasa futbolari ohiak eta Bakartxo Mendez alkateak.
Elekun abesbatzak Legorretako ereserkia abestu zuen, lehenengo aldiz jende aurrean. Patxi Ezkiaga olerkari legorretarrak idatzi du letrak, eta Xabier Sarasola konposatzaile beasaindarrak musikatu du. Ugaro eskolako haurrek koplak kantatu zituzten, herriaren nortasunari gorazarre eginez, eta ikastetxeak aurten 25 urte bete dituela gogoratuz.