Garazi Zabaleta beasaindarraren 'Musikatu bizitza' abestia izango da Emusik2016 jaialdiaren sintonia.
Oholtza gainetik babesera, sorkutza lanaz gozatzen dabil Garazi Zabaleta (Beasain, 1987). Oso gaztetan murgildu zen musikaren munduan eta dagoeneko bere bidea egiten ari da. Emusik 2016 jaialdirako abestia izan da egin duen azken lanetako bat. Aurkezpen, elkarrizketa, mikro eta kamera zurrunbiloan aurkitu da ezustean.
Telekomunikazio ingenieritza ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ikus entzunezko espezialitatean, baina zentzumen guztiak musika konposaketan ditu jarriak orain. Geldirik egoten ez den horietakoa da Zabaleta, zain egon gabe bere bidea jorratzeari ekin diona, autodidakta.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburu egitasmoaren baitan egingo den Emusik2016 jaialdirako aukeratu dute Zabaletaren abestia. Euskal Herriko musikariek bat egingo dute jaialdia horretan Europako dozenaka txokotatik iritsitakoekin. Datorren urteko maiatzaren 5 eta 8 artean ospatuko da jaialdia eta hiru egun horietan mila kontzertutik gora izango dira. Donostiako Musika eta Dantza Eskola ari da jaialdia antolatzen; eta Donostiaz gain mikro-sede ugari izango ditu jaialdiak Gipuzkoa osoan.
Jaialdiaren sintonia izango zenak egitasmoaren izpiritua eta ezaugarriak jasotzea nahi zuten. Abestiak hiriburu kulturalaren filosofia islatu behar zuen, belaunaldien arteko elkarlana sustatu, integratzailea izan, tradizioa eta modernotasuna uztartu. Musikak gidatzen du beasaindarraren egunerokoa, eta bizitza musikaz jazteko gonbitea zabaldu du Zabaletak bere lanean: Musikatu bizitza.
Itsaskorra da, erritmo bizikoa, erraz harrapatzen duena. “Nik aurkeztu nuenarekin nahiko fidela da azken bertsioa”, dio Zabaletak. Ahotsa Mery Mayena izatea nahi zuen, eta hala izan da. Hortik aurrera, antolatzaileen esku utzi du lana: “Ez nuen sartuta egon nahi. Bakoitzak bere ekarpena egiten du. Musika ez da objektiboa, askatasunez jokatzen utzi behar da”.
Zazpi hizkuntzatan
Bereak ditu abestiaren hitzak ere. Errazak izan behar zuten. Baina zalantza sortu zitzaion: “Erraza norentzat?”. Jaialdiak Europako hainbat herrialdetako musikariak bilduko dituenez, guztientzat erraza izaterik ez zegoen. Ideia horri bueltaka, hizkuntzak nahastea erabaki zuen: guztira zazpi entzun daitezke kantan. Euskara erabiliko zuela argi zuen, eta ingelesa ere sartu du hizkuntza nagusi gisa. “Denak identifikatuta senti daitezen lortu nahi nuen, eta aldi berean jakinmina piztu. Horrek ematen zidan beldur gehien, eta azkenean hori izan da gustatu dena”.
Kolore puntua abestiarekin egindako bideoak jarri du. Imanol Gomezek zuzendu zuen ikusentzunezkoa eta Donostiako Udal Musika Eskolako irakasle eta ikasleek hartu zuten parte grabaketetan. Sarean dago ikusgai. Europaren Egunean, aurtengo maiatzaren 9an, Anoetan egingo duten ekitaldi batean estreinatuko dute abestia. Emusik2016rako entsegu orokorra izango da egun horretakoa.
Ehunmiliak ultratrailerako, Emarockerako… ugari dira Zabaletak egin dituen lanak. Ia duela hamar urte, Suganen garaian probatu zuen zuzenean jotzen aritzea zer zen. Ordutik ezkutuko lanean aritu da, baina epe motzean berriro ere eszenara pasatzeko arra badu barruan. Bazen behin proiektua du esku artean hainbat musikari profesionalekin batera. Laster emango dute lanaren berri.