Karramarroa, biziaren mina
Minbiziaren Kontrako Nazioarteko eguna izan da. Goierrin AECC elkartean ehun boluntariotik gora daude. Karramarroaren gorputzarekin antzekotasunak omen dituzte halako batean ugaltzen hasi, eta kolonizazioari ekiten dioten zelulek. Zelula horien batuketak eragiten du minbizia, berrehundik gorako aldaeratan. Ohikoenak bularrekoa, azalekoa, kolonekoa zein birikatakoa dira. Behin gaixotasun honek gorputz baten atea joz gero, nekez joango da. Batzuetan kronifikatu egingo da, beste batzuetan heriotza eragin arteko bidea egingo du. Badaude, haatik, minbizia izan, eta hura atzean uzteko aukera duten zorionekoak ere. Minbiziaren zenbakiek gaztaroa gurtzen eta minaren beldurra elkar hartzen dituen gizartea bere tokian ipintzen dute. Oinazea eta gaixotasuna egon badaude, nahiz eta gertu ez daudenean ez ikusiarena egin ohi den. Urretxuko emakume batek minbizia izan du. Idorreriak jota zebilen, eta hesteen motelak medikuaren kontsultara eraman zuen. Frogak egin osteko emaitzak jasotzeko eguna iritsi eta, medikuak pisatzeko aitzakian beste gela batera pasatzeko eskatu zion. Kontsultara itzuli zenean, medikuaren eta senarraren aurpegiak zurbil, hormatik zintzilik zegoen plakan agerikoa zen beltz gunea ikusi zuen. «Minbizia daukat?», galdetu zion medikuari, eta hark baiezkoa eman zion. Beldurra da ahora etorri zitzaion lehenengo hitza: «Metastasia nuen galdetu nion, minbizia zabalduta ote zegoen, alegia». Sendagilearen ezezkoarekin lasaitua hartu zuen. Albistea jaso, eta denbora gutxian ebakuntza egin zioten. Ebakuntza erasokorra [...]
Minbiziaren Kontrako Nazioarteko eguna izan da. Goierrin AECC elkartean ehun boluntariotik gora daude.
Karramarroaren gorputzarekin antzekotasunak omen dituzte halako batean ugaltzen hasi, eta kolonizazioari ekiten dioten zelulek. Zelula horien batuketak eragiten du minbizia, berrehundik gorako aldaeratan. Ohikoenak bularrekoa, azalekoa, kolonekoa zein birikatakoa dira. Behin gaixotasun honek gorputz baten atea joz gero, nekez joango da. Batzuetan kronifikatu egingo da, beste batzuetan heriotza eragin arteko bidea egingo du. Badaude, haatik, minbizia izan, eta hura atzean uzteko aukera duten zorionekoak ere. Minbiziaren zenbakiek gaztaroa gurtzen eta minaren beldurra elkar hartzen dituen gizartea bere tokian ipintzen dute. Oinazea eta gaixotasuna egon badaude, nahiz eta gertu ez daudenean ez ikusiarena egin ohi den.
Urretxuko emakume batek minbizia izan du. Idorreriak jota zebilen, eta hesteen motelak medikuaren kontsultara eraman zuen. Frogak egin osteko emaitzak jasotzeko eguna iritsi eta, medikuak pisatzeko aitzakian beste gela batera pasatzeko eskatu zion. Kontsultara itzuli zenean, medikuaren eta senarraren aurpegiak zurbil, hormatik zintzilik zegoen plakan agerikoa zen beltz gunea ikusi zuen. «Minbizia daukat?», galdetu zion medikuari, eta hark baiezkoa eman zion. Beldurra da ahora etorri zitzaion lehenengo hitza: «Metastasia nuen galdetu nion, minbizia zabalduta ote zegoen, alegia». Sendagilearen ezezkoarekin lasaitua hartu zuen.
Albistea jaso, eta denbora gutxian ebakuntza egin zioten. Ebakuntza erasokorra izan zen, gogorra, baina dena ondo atera zen eta, egun, emakume urretxuar honek alta jasoa du. Bera, minbizitik bizirik irten den horietako bat da. Bidea ez da, halere, erraza izan. Ebakuntzaren aurretik erradioterapia jaso zuen eta, ondoren, karramarroaren itzulera prebenitzeko kimioterapia eman zioten. «Astebetean hartu, eta hiru astean atseden hartzen nuen. Sei hilabetez aritu nintzen. Kimioterapia hura ez zen oso oldarkorra izan». Ez zituen hilabete haiek ohean eman, ilea ere ez zitzaion erori. Dena dela, gorputza aldrebestuta izaten zuen kimioterapia jaso, eta hurrengo astean, «makalduta nengoen».
Beldurra eta borroka
Emakume honek borroka hitza erabili du behin eta berriro. «Barruko indarra atera, eta borrokatuko nintzela agindu nion nire buruari. Egun txarrak pasa ditut, baina egun haietan hurrengo egunaren zain geratzen nintzen. Neure burua hobetu, eta aurrera egitea besterik ez nuen nahi». Berak indarrak atera zituela dioen arren, ingurukoen izua handiagoa izan zela dio, «denak begira nituen, ea gaur nola dagoen, ea gaur zer esaten duen edo isilik dagoen…».
Izan ere, minbiziak ez du bakarrik gaixoaren gorputza kolonizatzen, ingurukoen bizitzetan ere barreiatzen da.
Urretxuko beste emakume batek ez dauka minbizia, baina hurbil-hurbil du minbizia duen norbait. Albistea jaso, eta beldurra aipatu du berak ere, «badakizu atzera bueltarik ez dagoela, ez behintzat gehienentzat, guretzat ez da egon». Onartzea zaila dela gehitu du, «bizitza aldatu digu, ez gara gure denboraren jabe, beti gaude frogen edo kimio txanden menpe».
Errutina bilakatu da minbizia emakume honen bizitzan: semaforoa beti laranja, erne. «Zure buruan pentsatzeari utzi, eta ondokoan baino ez duzu pentsatzen. Nolako gorputzaldia ekarriko du gaurko kimiotik? Nola igaroko ditu ondorengo egunak?». Kimioterapiaren ondorenak ez dira beti berdinak, «batzuetan makalaldia luzeagoa da, beste batzuetan pentsatu baino beranduago dator…». Arnas bideak aurkitu behar direla dio lagunekin inoiz baino gehiago irteten den emakume honek, «ez dago, halere, ihes egiterik».
Minbiziaren bidaia ez da batere erraza. Alabaina, garaipena jomugan izan gabe, borroka baino ez da bidea.
Minbiziaren Aurkako Elkartearen ekarpena eta ezinbesteko laguntza
Minbiziaren Aurkako Elkarteak ehun boluntariotik gora ditu Goierrin. Gehienak emakumezkoak dira. Gaixoaren zaintzan laguntzen dute, diru-bilketa egiten dute, gaixoak ospitalean laguntzen dituzte eta abar. Elkarteak 8.000 mila kideren muga iragan berri du Gipuzkoan. Aholkularitza adiministratibo zein legala, laguntza psikologikoa gaixoei nahiz senideei eta minbizia prebenitzeko kanpainak dira elkartearen jardunaren ardatzak. Diru-bilketan batzen dutena ikerketara bideratzen dute. Zerbitzu guztiak doan dira, materiala ere dohainik uzten diete minbizi gaixoei (gurpil-aulkiak edo artikulatutako oheak). Elkarteak Goierrin egoitza bat du, Zumarragan, hain zuzen. Boluntario taldeak herri handi guztietan daude; hurrengo erronka Lazkaon taldea osatzea da.