«Egun osoan gustukoen dudana egiten ari naiz, kirola egiten alegia»
Tamara Larreak (Lazkao, 1988) enpresaritza ikasketak egin zituen, eta arlo horri lotutako hainbat proiektu eskuartean izan arren, egun, dantza ezberdinak irakasten aritzen da, batez ere. Tartean, azken boladan hain modan jarri den zumba (dantza eta aerobika batzen dituen ariketa) ematen du. Nola iritsi da enpresaritza ikasi duen pertsona bat ogibide horretan lan egitera? Kirola beti gustatu izan zait eta enpresaritza ikasten ari nintzela jada hasi nintzen irakasle gisa lanean, dantza klaseak ematen, eta dagoeneko bost urte daramatzat. Donostiako FEDAn hartu nituen klaseak, baina titulu asko atera ditut ordutik. Gainera, Bartzelonara mundu mailako onenak etorri ohi dira urtero (Barçako fisioterapeuta bat ere egon zen, esaterako) eta berritzen joateko, halako topaguneetara joaten naiz. Irabazitako dirua neure burua berritzeko inbertitzen dut. Etxean ba al dago dantzarako ohiturarik? Handia! Gure familian dantza asko egiten da. Gabon gauean, esaterako, goizeko 06:00ak arte ere egonda gaude dantzan eta karaokean. Txikitatik jaso dut dantzarako zaletasuna. Zein kirol egiten duzu? Asko. Umetan hiperaktibitate puntu bat nuen, eta kirola txiki-txikitatik gustatu izan zait asko. Hala, kirol asko probatu ditut: Lazkaon areto futbol taldea sortu genuen, Ordiziako atletismo taldean ibili nintzen, Ordiziako areto futbol taldean ere ibili nintzen Liga Vascara igo ginenean, Tolosan ohorezko mailan jokatu nuen, EHUkoekin ere bidaia [...]
Tamara Larreak (Lazkao, 1988) enpresaritza ikasketak egin zituen, eta arlo horri lotutako hainbat proiektu eskuartean izan arren, egun, dantza ezberdinak irakasten aritzen da, batez ere. Tartean, azken boladan hain modan jarri den zumba (dantza eta aerobika batzen dituen ariketa) ematen du.
Nola iritsi da enpresaritza ikasi duen pertsona bat ogibide horretan lan egitera?
Kirola beti gustatu izan zait eta enpresaritza ikasten ari nintzela jada hasi nintzen irakasle gisa lanean, dantza klaseak ematen, eta dagoeneko bost urte daramatzat. Donostiako FEDAn hartu nituen klaseak, baina titulu asko atera ditut ordutik. Gainera, Bartzelonara mundu mailako onenak etorri ohi dira urtero (Barçako fisioterapeuta bat ere egon zen, esaterako) eta berritzen joateko, halako topaguneetara joaten naiz. Irabazitako dirua neure burua berritzeko inbertitzen dut.
Etxean ba al dago dantzarako ohiturarik?
Handia! Gure familian dantza asko egiten da. Gabon gauean, esaterako, goizeko 06:00ak arte ere egonda gaude dantzan eta karaokean. Txikitatik jaso dut dantzarako zaletasuna.
Zein kirol egiten duzu?
Asko. Umetan hiperaktibitate puntu bat nuen, eta kirola txiki-txikitatik gustatu izan zait asko. Hala, kirol asko probatu ditut: Lazkaon areto futbol taldea sortu genuen, Ordiziako atletismo taldean ibili nintzen, Ordiziako areto futbol taldean ere ibili nintzen Liga Vascara igo ginenean, Tolosan ohorezko mailan jokatu nuen, EHUkoekin ere bidaia asko egin nituen, pilotan ere ibiltzen nintzen, hipikan ere bai Lazkaomendin, kenpon gerriko marroia lortu nuen eta beltza lortzear nengoela futbolagatik utzi behar izan nuen… Nire zaletasun kutuna patinatzea da, eta batez ere slalomean, piboteen arteko dantzak eginez: diziplina gogorra da. Hilean behin Sevillara joaten naiz, irakasle pertsonal batengana. 3 urtetik 16 urtera bitartean eskiatu egiten nuen eta gero snow egiten hasi nintzen. Padela ere asko gustatzen zait. Korrika egitera nire bi ahizpekin joaten naiz (bost ahizpa gara!). Kayt-surfa, bugiekin… koinatarekin egiten ditut… A
h! eta ia ahaztu zaizkit: dantzak! Aerobik, funky eta zumba eskolak ematen ditut, eta baita pilates ere.
Zein herritan ematen dituzu eskolak?
Batez ere Idiazabalen ematen ditut; Seguran, Bidanian eta Errezilen ere ematen ditut.
Bidanian eta Errezilen? Tokitan gelditzen dira joan-etorrian ibiltzeko…
Bai. Ez dut han lortuko dudan diruagatik egiten. Hangoek eskertu egiten didate joaten naizenean, eta pena ematen dit taldeak uztea. Herri txikietan halako aukerak bultzatu behar direla iruditzen zait.
Zumba geroz eta jende gehiagok eskatzen al du? Moda bat al da hau?
Bai, moda bat da. Boladaka joaten da, eta orain zumba dago modan. GAP (gluteoak, abdominalak eta hankak lantzeko entrenamenduak) eta crossfit (gorputz guztia lantzeko entrenamendu gogorragoak) ere oso modan daude, baina hemen inguruan ez dute hainbesteko osperik lortu.
Zer nolako jendea joaten da zure eskoletara?
Dantzara emakumeak batez ere, baina pilatesen gizon pare bat ere badut. 40-75 urte inguruko jendea joaten da pilateseko eskoletara, eta dantzakoetara, gazteagoak.
Tartean, Idiazabalen herriko mojak ere etortzen dira pilates egitera, urte askoan! Urtero, komentuan merienda egitera gonbidatzen gaituzte, gainera!
Bi emakume musulman ere baditut: batak zapia kentzen du ariketa egiteko, eta besteak ez. Iruditzen zaiguna baino jende irekiagoa da.
Nola prestatzen dituzu klaseak?
Neure kasa joaten naizen formazio klaseak grabatu egiten ditut. Ikasi dudanarekin, ikusten dudanarekin… denetik pixkat bat. Uneoro pentsatzen ari naiz, hau edo bestea.
Aerobiceko eskolak neuk prestatzen ditut: eskolak modernoak edo berritzaileak izan daitezen saiatzen naiz. Pilateseko ariketak ere nik aukeratzen ditut, eta beti berdinak izan ez daitezen saiatzen naiz. Zumban ere estilo ezberdinak lantzen ditugu.
Zein estilo gustatzen zaizu dantzatzea?
Musika estilo guztiek dute euren puntua: ez nuke jakingo bat edo bestea aukeratzen.
Ba al da gustuko ez duzun dantza estilorik?
Euskal dantzako klaseetara joaten nintzen umetan, eta ez zitzaidan batere gustatzen. Hala ere, trikitia asko gustatzen zait eta Trikiziok jotzen duen plazetara joaten saiatzen gara.
Ogibide horrek alde onak eta txarrak izango ditu. Zeintzuk iruditzen zaizkizu?
Onena, egun osoan gustukoen dudana egiten ari naizela, kirola egiten ari naizela da, eta hori, bizi egiten dut! Lesiorik ere ez dut izan, eta eskerrak! Jende asko ezagutu dut eta nire izaeragatik adiskide asko egin ditut. Taldea ez uzteko esaten didate, eta horrek ere asko esan nahi du niretzat.
Kiroldegi batean edo halako kontraturen bat izanda, lasaiago biziko nintzateke, eta bizi-erritmo ezberdina eramango nuke. Egun askotan oso berandu iristen naiz etxera. Ez dakit erritmo honekin jarraitu ahal izango dudan beti. Lan bila ibiltzea ere ez da erraza: datorren urtean zer izango dudan, ez dut jakiten normalean.
Horrez gain, autonomo gisa lan egiten dudanez, BEZa, gasolina,… gastu asko ditut.
Eta, aurrera begira, beste proiekturik ba al duzu?
Ideia mordoa dut. Negozioak gustatzen zaizkit; saltsa hori… Egiten dudan guztiaz ikastea gustatzen zait, eta zerbait egingo dut aurrerantzean ere.