«Epaile bezala herritarren alde lan egiten saiatu izan naiz beti»
Idiazabalgo bake epailea izan da azken 35 urtean, eta aurten merezitako erretiroa hartuko du. Urte hauetako lana nolakoa izan den eta hemendik aurrera dituen asmoak azaldu dizkio GOIERRIKO HITZARI.Noiz eta nolatan hartu zenuen Idiazabalgo bake epaile k...
Idiazabalgo bake epailea izan da azken 35 urtean, eta aurten merezitako erretiroa hartuko du. Urte hauetako lana nolakoa izan den eta hemendik aurrera dituen asmoak azaldu dizkio GOIERRIKO HITZARI.
Noiz eta nolatan hartu zenuen Idiazabalgo bake epaile kargua?1980an hartu nuen kargua. Benardo Etxaluze zeraindarra izan zen aurreko bake epailea, eta hark proposatu zidan. Garbi utzi zidan ez nuela pezetarik kobratuko, eta hala izan zen lehen zortzi urteetan.
Nola lortu zenuten kobratzen hastea?
Euskal Herriko eta Kataluiniako epaileak hasi ginen presioa egiten, eta kobratu ezean lanik ez genuela egingo esan genuen. Elkarte bat ere sortu genuen, Epaile Artean izenekoa, epaileok batak besteari babesa emateko. Gogor egin genion gobernuari, eta azkenean soldata txiki bat lortu genuen. Pipa pakete bat erosteko ere ez du ematen, baina zerbait da, behintzat.
Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Kargua hartu nuenean ez nuen esperientziarik eta urtez urte joan naiz ikasten, gutxika. Hasierako urteetan kursiloak ere egiten genituen Donostian.
Lan egiteko modua asko aldatu da ordutik?
Ikaragarri. Hasierako urteetan gogoratzen dut arazo asko izan genituela Etzegaraten. Bide bikoitza egin zuten, eta lurjabeen artean istiluak izan ziren. Istripuak ere asko izaten ziren bide horretan, eta gogorra izaten zen horiek jasotzera joan beharra. Istripu gogorrak ikusi behar izan nituen. Dena den, urte hauetan buruko min handienak baserritarrek eman dizkidate, mugarrien inguruko liskarrekin. Niregana etortzen ziren mugekin ados jarri ezinda, eta behin biren artean ere jarri behar izan nuen, batek sardea hartu zuelako. Azkenaldian halako kasu gutxiago izaten ditugu, orain abokatuen bidez konpontzen dituztelako horrelako arazoak.
Kasuak ere aldatzen doaz, hortaz.
Bai. Azkenaldian, adibidez, krisiaren eraginez, enbargo batzuk egitera joan behar izan naiz. Hori gogorra da, azken finean herrian denok elkar ezagutzen dugulako. Genero biolentzia kasuak ere lehen baino gehiago ematen dira, baita dibortzioak ere. Bestalde, gero eta kanpotar gehiago dago, pobreziak eraginda lapurretak egiten dituztenak. Lanik handiena, dena den, erregistro zibilean izaten dugu.
Norbait ezkontzea egokitu zaizu urte hauetan?
Jende asko ezkondu dut, bai udaletxean, bai Pilarreneako lorategian.
Eta epaiketarik egitea?
Ni nagoenetik epaiketa bakarra egin dugu Idiazabalen. Bi baserritarren kasua izan zen, hiru metro koadroko lursaila zeinena zen erabaki ezinda. Azkenean saila bi baserriena zela ondorioztatu genuen.
Epaile lanak diskrezioa ere eskatuko du, ala?
Noski baietz. Gure lana da gure esku artetik pasatzen diren kasu guztiak isilpean gordetzea. Ezin gara kontu horiek kontatzen ibili, oso itsusia izango litzateke. Zigortuentzat zigor bikoitza da herrian beren arazoak bolo bolo ibiltzea.
Nola laburbilduko zenituzke 35 urte hauek?
Beti ahalegindu naiz nire lanaren bidez herritarrei laguntzen. Uste dut herritarren alde lan egin behar dela, eta erraztasunak eman. Niregana etorritakoei aholkuak ematen ere saiatu naiz.
Zergatik erabaki duzu erretiratzea?
74 urte beteko ditut aurten eta lasai bizi behar dut. Bihotzarekin ere izan ditut arazo batzuk, eta gazteei erreleboa pasatzeko garaia da. Nire ondorengoa lanean hasi bezain pronto erretiratuko naiz.
Erretiratutakoan zer egingo duzu?
Mendia asko gustatzen zait eta ibili egingo naiz. Ehizean ere ibiltzen naiz. Dena den, lan apur bat egiten ere jarraituko dut. Izan ere, jaietako batzordean urteak daramatzat, eta Idiazabalgo 400. urteurreneko batzordean ere banabil lanean. Niri herriaren alde lan egitea gustatzen zait, eta ahal dudan bitartean hala jarraituko dut.













