«Matxismoak eta faxismoak zapalkuntza areagotzen dute»
Emakume langileek jasaten duten zapalkuntzaren aurrean «euste horma» bat eraikitzeko «batzera eta borrokatzera» deitu ditu Goierriko emakumeak Itaia mugimenduak, martxoaren 8an.
Hebe Rebole legazpiarra eta Ane Iñurrieta beasaindarra, Goierriko Itaiako kideak. Itaia Goierriko Itaiak Emakume langileok askatzeko, batu borrokara lelopean antolatu ditu Martxoaren 8ari begirako ekintzak. Egungo egoeraren aurrean, «beharrezkotzat» jo dute «emakume langile oro antolakuntzara batzea eta borrokatzea», esan dute Goierriko Itaiaren izenean, Hebe Rebole legazpiarrak eta Ane Iñurrieta beasaindarrak.
Zergatik aurtengo leloa?
Rebole: Errealitate gordin honen aurrean, ezinbestekoa ikusten dugu interes ekonomikoetatik eta agenda instituzionaletatik kanpo, euste horma bat eraikitzea. Emakume esplotazioaren eta matxismoaren aurka eta gure eskubideen alde borrokatzeko dei egiten dugu.
Emakume langileak, oraindik, zapalduta jarraitzen dutela diozue. Zergatik?
Rebole: Matxismoaren eta faxismoaren zabalpenak gure zapalkuntza egoeran sakondu du: lan baldintzen prekarizazioa, zaintza zerbitzuen pribatizazioa… Bizi dugun pobrezia eta esplotazioa mantentzeko beharrezkoa da emakumeok sozialki debaluatuak eta zapalduak mantentzea eta horretarako emakumeon kontsumo-objektu irudia indartzen jarraitzen dute.
«Emakume langileon interesak lehenetsi eta horiei erantzuteko borrokak eta bitartekoak garatu behar ditugu»
Hebe Rebole. Goierriko Itaia
Lan esparruari erreparatzen badiogu, kapitalistek emakume langilearen lan indarra debaluatzen jarraitzen dute; adibide garbienetakoa da erresidentzietako langileen greba. Horrez gain, aipagarria da emakume migranteen egoera; prekarizatutako zein sozialki debaluatutako lanak egiten dituzte, eta muturreko pobreziak bultzatuta, askok sexu eta erreprodukzio merkatuetara jo behar izaten dute. Krisi testuinguruan gainera, zerbitzuen prekarizazioek eta murrizketek are gehiago okertu dituzte emakume langileon lan baldintzak.
Zer da egoera aldatzeko egin beharko litzatekeena?
Rebole: Aterabide erreal bat behar dugu. Emakume langileon interesak lehenetsi eta horiei erantzuteko borrokak eta bitartekoak garatu behar ditugu. Matxismoaren kontrako zentzu komun bat garatu behar dugu, erasotzaileei argi utzita gure herrietan, kaleetan eta auzoetan ez ditugula jarrera horiek onartuko. Matxismoaren aurka, emakume esplotazioaren aurka eta gure eskubideen alde borrokatuko den gizarte sozialista baten eraikuntzan lanean jarraitu behar dugu.
Matxismoaren eta faxismoaren zabalkundeak eragina du, zuen iritziz, zapalkuntza honetan. Zertan zehazki?
Iñurrieta: Ultraeskuinaren diskurtsoak etengabe ukatzen du matxismoaren existentzia. Salaketa faltsuen diskurtsoa zabaltzen dute, politika instituzionalak emakumea posizio pribilegiatu batean jartzen duela diote eta matxismoa diskurtso arrazistak zabaltzeko baliatzen dute.
«Martxoaren 8aren izaera borrokalaria berreskuratu nahi dugu»
Ane Iñurrieta. Goierriko Itaia
Gazteen artean ere jarrera matxistak eta ideologia faxistak zabaltzen ari dira?
Iñurrieta: Faxismoak nabarmen egin du gora azken urteetan eta Euskal Herria ez da horren salbuespena. Faxismoa eta ideia erreakzionarioak zabaltzeak zuzenki matxismoaren gorakada dakar. Izan ere, ideia faxistek indarkeria matxistaren ukapena eta ersotzaileen inpunitatea dakarte. Ikusi besterik ez dago, indarkeria matxista askotan oharkabean igarotzen dela eta gizarteak erabat normalizatzen duela.
Amaitzeko, ze mobilizazio antolatu dituzue Martxoaren 8aren harira?
Iñurrieta: Emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko alternatiba politiko iraultzaile bat aldarrikatzeko baliatu nahi dugu Martxoaren 8a. Martxoaren 8aren izaera borrokalaria berreskuratu nahi dugu, gure pobreziaren arduradunak eta erasotzaileak edo gure aldarrikapenak edukiz hustu nahi dituztenak seinalatzeko eguna izango da. Martxoaren 7an, historian zehar emakume langileek eta azken urteetan Itaiak aurrera eramandako borroka ezberdinen erakusketa bat izango da ikusgai arratsaldean. Martxoaren 8an mobilizazioak deitu ditugu 13:00etan Beasainen, plazatik irtenda eta 18:30ean Legazpin, Euskal Herria plazatik.












