Eguren izango da maiatzeko udal hauteskundeetarako EH Bilduren alkategaia. Xabier Olano izan du lagun aurkezpenean.

Gaur arratsaldean egin du, jendaurrean, Ordiziako EH Bilduk datozen udal hauteskundeetarako alkategaia aurkezteko ekitaldia. Hauteskundeetan azken lau urtetan egindako lana “balioan jarri” nahi dutela azaldu du koalizioko kide batek eta “ondo egin den lan horren ordezkarietako bat” aukeratu dutela hasitako bideari jarraipena emateko. Hala, alkategai izateko erronkari baiezkoa eman dio Igor Egurenek bigarrenez.
Alkatetzan lagun izan duen taldeari eskerrak ematearekin batera, lanean jarraitzekokonpromisoa agertu du Egurenek. “Ardura berriak hartzeko garaia da. Asko da egin duguna, baina asko dugu egiteko”. Egindakoaz “harro”, gauzak “oso ondo egin” dituztela nabarmendu du alkateak, baina guztian ez dutela asmatu ere aurreratu du. “Horregatik jarraitu behar dugu, gai garelako onartzeko batzuk ondo egin ditugula eta besteak ez. Horiek hobetzera goaz”, esan du.
Lau urtez atzera egin eta legegintzaldia “testuinguru zailean” abiatu zutela gogoratu du. Edonola ere, “austeritatean kudeaketa ona egin daitekeela” erakutsi dutela dio. “Euskal Herria gelditu behar genuela esaten zuten. Bai, gelditu bai, —esan du ironiaz— horregatik hitz egiten dute zenbaitzuk erabakitzeko eskubideaz, parte hartze prozesuez, herritarrekin kafeak hartuz… Hitz egiten dute, hitz bakarrik. Guk eskua zabaldu dugun bakoitzean ez da erantzunik izan”.
2011n aurreko legegintzalditik jasotako “herentzia” gogorarazi du; Majori kiroldegia eta Oiangu aipatu ditu. “Gaur Majoriren kontrola udalak darama, kontuak onduz, langileei ordainduz. Oiangurako zegoen proiektu baztertzaile eta elitistaren ordez, berriz, formazioan, hezkuntzan, gastronomian eta jasangarritasunean oinarritutako kimu berri bat sortzen ari gara”, esan du. Enplegua sortzeko planak, tokiko merkataritza hobetzeko egitasmoak… Ordizia jasangarriagoa egin dutela ere nabarmendu du Egurenek. Hondakinen kudeaketa aipatu du eta horri esker Gipuzkoa Europan jasangarritasunean aitzindari dela aldarrikatu.
Kultur espresio ezberdinek herrian lekua izan dezaten kutur-gune berria izango da datorren legegintzaldirako beste erronketako bat; herritarren ongizatea bermatzeko lanean jarraitzearekin batera.
Gehiengoaren bila, Gipuzkoan
Xabier Olano Gipuzkoako Aldundirako hautagaiak duela lau urte abiatutako aldaketan sakontzeko beharra nabarmendu du Ordiziako ekitaldian. “Lau urte hauetan hartutako neurriak ez dira batzuen gustukoak izan. EAJk, PSEk eta PPk, denak elkartu, gutxi batzuen interesak defendatu eta aurrekora itzuli nahi dute”, zioen. Horregatik, “Gipuzkoan aldaketa sendotzeko” EH Bilduk gehiengo osoa behar duela aldarrikatu zuen Olanok.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko gobernua osatuko duela esan du Olanok, bakarra dela horretan EH Bildu, eta gizarte politikan emandako aurrerapausoei eutsiko diela. “Gipuzkoarrek ikusi dute beste era batera gobernatu daitekeela, diru publikoarekin arduratsuak eta erabat garbiak izanaz, azpiegitura handietan diruak xahutu gabe, eta gizarte politiketan murrizketarik egin gabe”.