'Maitasunaren ondoren, maitasuna' antzezlana ikusi ahalko da etzi Beasainen
Ados teatroa taldearen lana da, Garbi Losadak zuzenduta
Garbi Losada aktoreak zuzenduta, hiru ahotsetan kontatutako maitasun historioa kontatuko dute etzi Beasainen Sara Cozar, Ane Gabarain eta Dorleta Urretabizkaia aktoreek. Beasaingo eta Ordiziako udalek bultzatutako Antzerki Garaia egitasmoaren barruan Maitasunaren ondoren, maitasuna antzezlana aurkeztuko dute, etzi, 22:15ean, Beasaingo Usurbe Antzokian.
Dora Salazar artista plastikoaren lanetan oinarrituta Losadak egindako sorkuntza bat da antzezlana. Ados taldetik jakinarazi dutenez, «izaera narratzaile indartsua eta antzertiarra duen lan bat da» ikuskizuna: «Garbi Losadak planteatzen duen dramaturgia Dora Salazarren unibertsoaren berrikuspen aske eta subjetibo bat da».
Adosetik zehaztu dutenez, panpin errusiarrak bailiran kontatutako istorioa da taularatuko dutena, «non istorio batek beste istorio bat gordetzen duen, eta honek beste bat… Iragana eta etorkizuna elkarri lotzen zaizkio, Salazarren lana oinarri hartuta, istorio hau ikusleekin batera gogora ekartzeko».