Pilotalekuko aldagelak konpontzeko proiektua izan da bigarren bozkatuena. Udalak biak sartuko ditu 2015eko aurrekontuan.
Ezkiagako helduen parkea, Beasainen.
Segurako Udalak herritarrei galdetu die 2015eko aurrekontuko %25a zertan inbertitu nahi duten. 30.000 euroko partida izango litzateke, zehazki. Asteartean amaitu zen botoa emateko epea, eta herrian
adinekoentzako kirol parkea eraikitzeko eskatu dute gehienek. 75 herritarrek parte hartu dute guztira, eta 27k eman diote botoa parkearen proiektuari.
Pilotalekuko aldagelak konpontzeko 26 lagunek eskatu dute, eta parkean bi eta bost urteko
haurrentzako joko egokiak jartzeko 24 lagunek.
Hiru horiek izan dira boto gehien jaso dituzten proiektuak. Lehenengo bi proiektuak bermatuko dituela ziurtatu du udalak, eta hirugarrena ere egiten saiatuko dira. 7.000 euroko aurrekontua aurrikusi dute adinekoentzako kirol parkea eraikitzeko, 20.000 eurokoa pilotalekuko aldagelak konpontzeko, eta 5.000 eurokoa parkea bi eta bost urte bitarteko haurrei egokitzeko.
Botoa emateaz gain, bestelako proposamenak egiteko aukera ere izan dute herritarrek udalaren galdeketan. Hainbat proposamen jaso dituzte, besteak beste, herrian gimnasioa egitea, plazako argiztapena hobetzea eta baserrietarako bideak konpontzea.
Proiektu bakoitzak jasotako botoak:
- Adinekoentzako kirol parkea. 27 boto.
- Pilotalekuko aldagelak konpontzea. 26 boto.
- Parkean 2-5 urte bitartekoentzako jokoak jartzea. 24 boto.
- Goiko portala konpontzea. 24 boto.
- Herriko eraikinen garbiketa sakona. Hamasei boto.
- Herri eskolako komuna konpontzea. Hamabost boto.
- Gernika kalea konpontzea. Hamalau boto.
- Osasun etxea margotzea. 11 boto.
- Herri eskolako argiteria hobetzea. Sei boto.
- Herri eskolako sarea berritzea. Bost boto.
- Gain Argi inguruan aparkaleku gehiago jartzea. Lau boto.