Goiztirik antolatutako talo ikastaroan 80 lagun elkartu dira aurten
Goierriko Goiztiri AEK euskaltegiak urtero antolatzen duen talo tailerrean gero eta jende gehiago aritzen da. Segurako talogileek erakusten diete orea egiten, eta ondoren bakoitza bere taloa egiten aritzen da. Beasaingo Arriaran auzoko Intxaurpe elkartean egiten dute urteroko zita, eta ume eta heldu, 80 lagun elkartu dira aurten.
Goiztirik jakinarazi dutenez, “talo batzuk itxura dotoreagoa zuten beste batzuek baino”, baina horrekin gehiago kezkatu gabe, taloa jakiren batekin bete eta solasean eta “giro goxoan” aritu ziren taloak nola egiten diren ikasten.
Intxaurpeko kupeletako sagardoa lagun, bertako sukaldean prestatutako txorizoa eta hirugiharrea zein txokolatea eta gazta erdian sartuta, taloak janez bukatu zuten ikastaroa. Irudi bilduma polita osatu dute webgunean eta fliker atarian.