Desfasea urtez urte murriztu da, harik eta aurten likidazioa aurrekontua baino 4,1 milioi handiagoa izan den arte.
2014ko Foru Funtsaren likidazioa aztertu ondoren, dirua jasotzea egokitu zaie Gipuzkoako udalei, goierritarrak barne. 2011tik 2014ra zerga bilketa %9,42 igo da Gipuzkoan; udalak funantzatzeko funtsa, berriz, %17,68.
Finantza Kontseiluak 2014ko aurrekontuen likidazioa finkatu ondoren, Gipuzkoako alkateekin bildu dira gaur goizean Martin Garitano ahaldun nagusia eta Ogasun departamentuko arduradunak. “Gaur albiste onak ematera gatoz, 2014ko Foru Fondorean likidazioa positiboa delako, eta itzuli ez, baizik eta aurten jaso egingo duzuelako. 2007tik lehen aldiz gaude egoera horretan”, esan du Garitanok. 2014ko UFFFaren likidazioa datorren astearteko diputatuen kontseiluak onartuko du.
2012ko otsailean 2011ko Foru Funtsaren itzulketa egiteko planteamentu “zorrotza, exijentea, baina errealista” egin zuen Aldundiak. Udalek likidazioan 51 milioiko itzulketa egin behar zuten, eta Aldundiak erabaki zuen 2012an bertan egin beharko zirela, zorra ezingo zela hurrengo urteetara eraman. 2009an hartutako erabaki baten ondorioz 2011, 2012 eta 2013an oraindik urteko 33 milioi itzultzeko geratzen ziren.
“Foru gobernuaren lehentasuna izan da legealdi hasieratik egoera onbideratzea eta aurreikuspenak zorroztea”, esan du Garitanok. 2011ko UFFFaren aurrekontua likidazioa baino 51 milioi handiagoa zen. Desfasea urtez urte murriztu da, harik eta aurten likidazioa aurrekontua baino 4,1 milioi handiagoa izan den arte.
Xabier Olano Gipuzkoako Ogasuneko zuzendariak Udalak Finantzatzeko Foru Funtsera bideratutako kopurua nabarmen hazi dela adierazi du. 2014an 418,9 milioi euro jaso zituzten udalek, 2013an baino %8,88 gehiago. Aldundiaren diru sarreen gainetik hazi da UFFFera bideratutako dirua. Izan ere, 2011tik 2014ra, %9,42 igo da zerga bilketa Gipuzkoan. Epe berean, UFFFera bideratutako dirua, berriz, %17,68 hazi da.
Igoera horrek eta udalen finantzak onbideratzeko neurriek emaitza onak ekarri dituzte. “Harro egon behar duzue ez duzuelako hurrengo legegintzaldirako inolako motxiralik uzten, egondako desoreka finantzarioei aurre egin diezue eta zalantzarik gabe oso egoera saneatuan utziko dituzue udalak”, esan du diputatu nagusiak.
Goierriko udalek jasoko dutena Foru Fondoaren likidazioaren arabera
Desoreka finantzarioei aurre eginda, Goierriko 22 udalei dirua jasotzea takatuko zaie; guztira, 397.200,22 euro jasoko dituzte udal goierritarrek.
- Altzaga. 1.754,13
- Arama. 1.955,32
- Ataun. 9.424,65
- Beasain. 78.073,97
- Ezkio-Itsaso. 3.906,59
- Gaintza. 1.526,56
- Gabiria. 3.323,95
- Idiazabal. 13.003,23
- Itsasondo. 4.176,61
- Lazkao. 30.686,73
- Legazpi. 49.023,44
- Legorreta. 8.338,58
- Mutiloa. 2.143,48
- Olaberria. 5.700,23
- Ormaiztegi. 7.366,77
- Segura. 8.326,12
- Ordizia. 55.583,09
- Urretxu. 38.813,03
- Zaldibia. 8.510,04
- Zegama. 8.803,73
- Zerain. 2.222,28
- Zumarraga. 56.291,82