Beasaingo eta Goierriko enpresei Igartza Monumentu Multzoa erabiltzeko aukera emango diete
Multzoari kultura eta turismo alorreko gaiak lantzeko ez ezik, bestelako erabilpen bat ematea ere bada asmoa. Hala, hiru erakundeak elkarlanean arituko dira aurrerantzean, Goierri beheko enpresa txikien beharrak asetzeko eta Igartza Multzoko azpiegituren erabilera sustatzeko.
Iker Galparsoro Goiekiko zuzendariak azaldu duenez, eskualdeko enpresen %95 enpresa txikiak dira, eta etorkizunera begira erronka asko dituzte aurretik. Horregatik, elkarlanean aritzeko duten beharra azpimarratu du, nazioartekotzean aurrerapausoak emateko eta berrikuntzetan inbertitzeko. Bide horretan, lan taldetan banatuta ari dira lanean, lau alorretan: enpresak, eragileak, hizkuntza eta kultura. Lan talde horien arteko lankidetza da gaur Igartzan sinatu duten hitzarmena, Galparsororen esanetan.
Koldo Agirre Beasaingo alkateak azaldu duenez, hitzarmen honen bidez, bi helburu lortu nahi dituzte: Igartza multzoaren erabilera sustatzea eta euskara lan mundura txertatzea. Horretarako, merkataritzara eta enpresa mundura bideratuta erabilera gehiago emango zaio multzoari, orain arte kulturak eta turismoak izan duten lekua osatuz.
Hala berretsi du Aitziber Makazagak ere Aldaberen izenean. Ia urte bete darama Aldabek Igartza multzoa kudeatzen, eta merkataritzari eta industriari lekua egiteko beharra adirazi du: “Kulturalki eta turistikoki bide oparoa egin du multzoak, baina merkataritzak eta industriak pixu gehiago eduki behar du, eskualde mailan elkarlana bultzatzeko”.
Hala Igartzak enpresa txiki askok dituzten beharrak ase ditzakeela uste dute hiru aldeek, eta gaurko hitzarmenak hori islatu du.