Alokairuaren olatu gainean
Azken urteetan igo egin da alokairurako joera, batez ere, krisiagatik. Autokarabanen eremuan, esaterako, alokairua %10 igo zen espainiar estatuan 2013tik 2014ra. Goranzko olatua aprobetxatuz, Areavan enpresa sortu dute Legorretako Borja eta Markel Urretabizkaia anaiek. Interneteko plataforma bat da Areavan, eta euren autokarabana alokairuan utzi nahi dutenek iragarkia jar dezakete bertan. Plataformaren funtzionamendua sinplea da. Autokarabanen jabeek orrian erregistratu behar dute lehenik, eta iragarkia jarri: argazkiak, testu labur bat eta prezioa nahikoa dira. Halako ibilgailu bat alokairuan hartu nahi dutenek, berriz, webgunean sartu eta interesatzen zaien autokarabanaren aurre erreserba egin dezakete. Jabeak aurre erreserba hori onartzen duenean, erreserba behin betikoa bihurtzen da. Eta hor hasten da Urretabizkaia anaien lana: erreserba behin betiko bihurtzen denean %40a aurrez ordaindu behar du erabiltzaileak, eta Areavan enpresaren bidez egiten da ordainketa. Dirua erabiltzaileengandik ibilgailuaren jabearengana mugitzeaz arduratzen dira, eta %10eko komisioa kobratzen dute kudeaketagatik. «Behin hasierako ordainketa eginda, bi aldeak harremanetan jartzen ditugu, eta haien esku geratzen da aurrerantzekoa», azaldu du Borjak. Dena den, edozein arazo edo zalantza izanez gero, ahal duten neurrian laguntzen saiatzen dira. «Euskarri bat izaten saiatzen gara», adierazi du Markelek. Dirua aurrezteko modua Norberak bere kabuz alokatzearekin alderatuta, hainbat abantaila eskaintzen ditu Areavan plataformak Urretabizkaia anaien hitzetan. Ikusgarritasuna da bat. «Lan [...]
Azken urteetan igo egin da alokairurako joera, batez ere, krisiagatik. Autokarabanen eremuan, esaterako, alokairua %10 igo zen espainiar estatuan 2013tik 2014ra. Goranzko olatua aprobetxatuz, Areavan enpresa sortu dute Legorretako Borja eta Markel Urretabizkaia anaiek. Interneteko plataforma bat da Areavan, eta euren autokarabana alokairuan utzi nahi dutenek iragarkia jar dezakete bertan.
Plataformaren funtzionamendua sinplea da. Autokarabanen jabeek orrian erregistratu behar dute lehenik, eta iragarkia jarri: argazkiak, testu labur bat eta prezioa nahikoa dira. Halako ibilgailu bat alokairuan hartu nahi dutenek, berriz, webgunean sartu eta interesatzen zaien autokarabanaren aurre erreserba egin dezakete.
Jabeak aurre erreserba hori onartzen duenean, erreserba behin betikoa bihurtzen da. Eta hor hasten da Urretabizkaia anaien lana: erreserba behin betiko bihurtzen denean %40a aurrez ordaindu behar du erabiltzaileak, eta Areavan enpresaren bidez egiten da ordainketa. Dirua erabiltzaileengandik ibilgailuaren jabearengana mugitzeaz arduratzen dira, eta %10eko komisioa kobratzen dute kudeaketagatik.
«Behin hasierako ordainketa eginda, bi aldeak harremanetan jartzen ditugu, eta haien esku geratzen da aurrerantzekoa», azaldu du Borjak. Dena den, edozein arazo edo zalantza izanez gero, ahal duten neurrian laguntzen saiatzen dira. «Euskarri bat izaten saiatzen gara», adierazi du Markelek.
Dirua aurrezteko modua
Norberak bere kabuz alokatzearekin alderatuta, hainbat abantaila eskaintzen ditu Areavan plataformak Urretabizkaia anaien hitzetan. Ikusgarritasuna da bat. «Lan handia egiten dugu Interneten gure orria ahalik eta jende gehienari iristeko, eta horrek balio erantsia ematen dio zerbitzuari», azaldu du Markelek. Izan ere, Interneteko eskaintza handia da, eta garrantzitsua da besteen artean nabarmentzeko gai izatea. «Gure plataformaren bidez, jabeek ia ezer egin gabe, erabiltzaileak euren autokarabanaraino iristen dira».
Beste abaintaila bat bitartekaritzak eskaintzen duen ziurtasuna da. Bitartekariak bi aldeen inguruko informazioa izaten du, eta Markelen ustez horrek zailago egiten du batak bestea engainatzea. «Inor tartean ez badago, zeinek ziurtatzen dizu ez dutela zure karabanarekin ihes egingo?». Partikularren arteko alokairua, gainera, merkeagoa da autokarabana enpresa bati alokairuan hartzea baino. Markelen arabera, %20 eta %30 bitartean aurrezten da.
Bestalde, bitartekarien bidez egin edo ez, alokairuak berak ere hainbat abantaila ditu Urretabizkaia anaien ustez. Batetik, autokarabanen jabeentzat. «Jendea ez da konturatzen zenbat diru jaso daitekeen autokarabana geldi eduki beharrean norbaiti alokairuan utzita; kalkuluak ateratzen dituztenean harrituta geratzen dira», adierazi du Borjak.
Bestetik, erabiltzaileentzat ere merkeagoa da alokatzea erostea baino. «Zertarako gastatu 60.000 euro autokarabana bat erosten, urtean hogei egunez bakarrik erabiltzeko? Askoz merkeagoa da alokatzea», adierazi du Borjak. «Guk alokairuaren alde egiten dugu apustua, eta ez jabetzaren alde».
Alokairua gorantz doa
Urretabizkaia anaien hitzetan, hiri handietan ohikoagoa da partikularren artean alokatzeko ohitura. Horregatik, hasiera batean Bartzelonan eta Madrilen jarri zuten enpresaren begirada. Izan ere, Euskal Herrian negozioa aurrera eramatea zailagoa ikusten zuten. «Hemen itxiagoak gara, eta ez gara hainbeste fidatzen gure gauzak alokatzeko orduan». Azkenaldian Euskal Herrian ere alokatzeko joera gora doala ikusi dute, ordea.
Irailean jarri zuten martxan plataforma. Ideia atzeragotik dator, ordea. Merkatua eta aukerak aztertuz hasi ziren, eta autokarabanekin aukera polita zutela ikusita, ideia garatuz eta forma emanez joan ziren. Goiekik, esaterako, proiektu berritzailearen saria eman zien iaz. Ordutik hainbat buelta eman dizkiote ideiari, eta hala jarraituko dute, gutxika hobetuz. «Interneteko enpresetan etengabeko garapena behar da».
Hurrengo pausoak
Markelen hitzetan, erabiltzaileen konfiantza ezinbestekoa da negozioak funtziona dezan. Bide horretan, online reputazioa izeneko kontzeptua garatzen ari dira plataforman txertatzeko. Erabiltzaileek alokatu duten ibilgailua baloratu ahalko dute, eta jabeek erabiltzaileak. «Jabe batek ikusiko du, esaterako, erabiltzaile batek bost aldiz alokatu duela autokarabana bat, eta ongi itzuli duela».
Halakoak ohikoak izaten dira hotelak erreserbatzeko webguneetan, esaterako. «Erabiltzaileak askoz gehiago fidatzen dira beste erabiltzaileen iritziez enpresak esandakoaz baino», adierazi du Markelek. Momentuz enpresa batekin harremanetan daude, balorazioa emateko zerbitzua Areavan plataforman erabilgarri jartzeko.