Goierriko kirolariak ere 'euskahaldun'
Korrika 19 gerturatzen ari dela, Goierriko Goiztiri AEK-k bailarako hainbat kirolariekin egindako bideoa zabaldu du sarean. Mezu argia eman dute Maite Murgia, Ion Izagirre, Garbiñe Alustiza eta Iñaki Azurmendik: “Aurten jantzi Korrikaren alde”.
Hain justu ere salgai dute Korrika 19ren arropa Beasaingo Herri Dendan, San Inazio kalean. Ostiraletan 17:00etatik 19:30era; eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara.
Ikasleentzat unitate didaktikoa Gasteizeko Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu zuten joan zen astean Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta AEK-Korrikak elkarlanean prestatu duten unitate didaktikoa. Haur Hezkuntzatik 18 urte artekoentzat prestatuta dagoen 10 egunerako Korrikari buruzko materiala da, Euskal Herriko eskola eta ikastoletan Korrikaren mezua zabaltzeko balio duen tresna. Helburua euskararen erabilera sustatzea eta indartzea da, AEK-k antolatutako Korrika egitasmoaren zergatiaz eta beharraz ohartarazteko. Horretarako, Korrika 19ren mezua, kanta eta bideoklipa ditu eta Korrika Txikirako prestaketa egitera gonbidatzen dira adin-talde guztiak. Horrez gain, jarduera desberdinak dituzte unitate didaktikoan, adin tarteen araberakoak.