Aitor Aldasoro da EAJ-ren hautagaia Beasaingo alkatetzarako
Alderdikideen babesarekin aurkeztu dute jeltzaleek hautagaia, Batzokia kultur elkarteko batzar aretoa bete-bete eginda. “Ardura eta poza” sentitzen du Aldasorok hautagaitzan, “lanerako ardura eta horrelako babesa jasotzeagatik poza”, adierazi du. “Propagandarik egin gabe” lan egingo duela esan du, “politikan sinesten” duelako eta “politikan denak ez duelako balio”.
Beasaingo Udalerako “esfortzuaren kultura berreskuratu beharra” dagoela esan du hautagaiak, eta orain arte eman diren lanerako aukerak kontuan hartu behar direla. “Aurrekoek egindako lana ezin da ahaztu, eta hor daude, adibidez, Indar (lehengo lantegi zaharra zegoen eremua eta egungo lantegia), Igartza edo erdiguneko oineztatzea”.
“Pertsonak dira helburua”
Pertsonengan sinestuta egindako politika egingo duela esan du Aldasorok, “pertsonak direlako helburua” eta horregatik, taldean ari dira lanean. “70 pertsona inguru ari gara 2030eko Beasain irudikatzeko taldeeetan lanean. Gure seme-alabek nolako Beasain nahi duten galdetu diegu gure buruei eta 150 ideia bildu ditugu denon artean. Ideia horiek lantzen ari gara, udalera iritsitakoan martxan jartzeko. Ideiak badaude, baina lanik egin gabe ideiek ez dute balio”.
Atzo gauean aurkeztu zuten Aitor Aldasoro alkatetzarako hautagai bezala, “nahiz eta erabakia 2013ko abendutik” duten hartuta. EAJko ordezkari ugariren babesa du Aldasorok, eta atzoko aurkezpenean ere bertan ziren, esaterako, Markel Olano, Bittor Oroz edo Karlos Ormazabal. Lagunen, senideen eta alderdikideen babesa ere jaso zuen atzo Aldasorok. Tartean ziren baita ere orain artean H1!eko zinegotzia izan den Josi Insausti eta beste alderdikide batzuk ere.